eISSN: 3045-9567
Aldizkariari buruz
Ikergazte kongresua UEUk bi urterik behin antolatzen duen diziplinarteko kongresua da. Euskal ikertzaile gazteak elkar ezagutzea, goi-mailako ikerketa euskaraz egiten dela erakustea, eta ikerketa horien emaitzak zabaltzea dira bere helburuak.
Kongresuaren informazio orokorra eta aurreko urteetako edizioetakoa helbide honetan aurkitu daiteke IkerGazte
Uneko zenbakia

UEUk 50 urte bete berri dituen honetan euskal komunitate zientifiko-intelektuala trinkotzea du oraindik bere helburu garrantzitsuenetako bat. Horren erakuslea da, azken urteotan UEUren jardunaren ikurra izan den #ElkarEkin lelo eta traola. Elkar ezagutza eta elkarlana ezinbestekoa da ezagutzak aurrera egin dezan, elkarrengandik ikasiz eta elkarrekin eraikiz.
Ildo horretatik, UEUk hainbat arlotako aditu, aritu eta ikertzaileak biltzen ditu ezagutza arlo desberdinen inguruan antolatutako zenbait topaketa eta mintegitan: Informatikari Euskaldunen Bilkurak (12 edizio), Historialari Euskaldunen Topaketak (6 edizio), Hizkuntzalari Euskaldunen Topaketak (5 edizio), Matematikari Euskaldunen Bilkura (5 edizio), Osasun Zientzietako ikertzaileen topaketak (3 edizio) eta Natur Zientzietako ikertzaileen bilkurak (4 edizio), besteak beste, horren adibide argiak dira. Pozik esan dezakegu ikertzaile euskaldunak inoiz baino gehiago direla, baina tamalez, haien arteko ezagutza urria da oraindik. Hutsune horretaz jabetuta, 2010. urtean ezagutza-alor guztiak bilduko zituen kongresu baten ideia sortu zen UEUn, eta 2015. urtean Ikergazte lehen kongresua antolatu genuen, Durangon. Orduan hasitako bideak jarraipena izan zuen 2017an Iruñean, 2019an Baionan eta 2021ean Gasteizen. Aurten Donostian beteko du bosgarren edizioa, Kursaal Jauregian, maiatzaren 17, 18 eta 19an.
Apustu oso handia da UEUrentzat ikerketa eta euskara lotzen duena, baina egin behar dugula sinesten dugu. Eta horri aurre egiteko azken urteotan bidelagun ezin hobeak izan ditugula esan behar dugu: Batzorde Zientifikoko kide eta kolaboratzaileak, edo Batzorde Dinamizatzaileko kideak, zein beste hainbat pertsona ibili dira kongresuaren antolaketan. Kongresuaren edizio berri honek ondoko bidaide eta babesleak izan ditu: UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Unibertsitatea, Paueko eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitatea (UPPA) eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala (UNED); Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza saila eta Udalbiltza. Azkenik, nabarmentzekoa da edizio honetan 17 ikerketa talde eta 7 aldizkari zientifiko izan ditugula laguntzaile.
Artikuluak
Sarbide Irekia
Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) bere aldizkarietako eduki guztiak doan eta linean ikusteko aukera eskaintzen du argitaratzen den unetik. Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa (CC BY-NC 4.0) lizentziapean.
Gainera, egileei aukera ematen zaie beren bidalketa mugarik gabe partekatzeko, prozesuaren edozein etapatan (preprint bertsioa, onartua, probak, argitaratutako bertsioa, etab.), Sare Sozialetan, bai eta biltegi akademiko eta instituzionaletan ere, Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa (CC BY-NC 4.0) lizentziapean.