Online farmazia-arreta onkologiaren arloan: eredu pilotu berriak garatzen
PDF

Gako-hitzak

Farmazia-arreta
telemedikuntza
sintomak maneiatzea
minbiziaren aurkako agenteak
kanpoko pazienteak
farmazialari klinikoak

Aipuak nola egin

Urretabizkaia, M., Bachiller, P., Garcia de Andoin, J., Andueza, K., Basterretxea, L., Ercilla, M., Umenez, M., Leunda, L., Lizardi, A., Landa Alberdi, J., & Lizeaga, G. (2020). Online farmazia-arreta onkologiaren arloan: eredu pilotu berriak garatzen. Osagaiz: Osasun-Zientzien Aldizkaria, 4(1). https://doi.org/10.26876/osagaiz.1.2020.279

Laburpena

Helburua: Online eskainitako farmazia-arretaren (FA) eredu pilotu bat deskribatzea eta haren bideragarritasuna eta erabilgarritasuna aztertzea.

Metodoa: Online eskainitako FA zerbitzuaren esplorazio-izaerako ikerketa prospektiboa eta deskribatzailea egin zen, 12 astez, minbiziaren aurkako aho bidezko agenteekin tratatutako giltzurrun-minbizi aurreratua zuten pazienteetan. FA zerbitzua honetan oinarritzen zen: 1) medikazioari eta ondorio kaltegarriei buruzko informazioa ematea; 2) ondorio kaltegarrien galdetegiak eta pisuaren eta tentsio arterialaren jarraipena egitea; eta 3) pazientearen eta farmazialariaren arteko zuzeneko komunikazio-kanal bat ezartzea. Dena online, Osasun Karpetaren bitartez. Neurtutako aldagaiak FA programaren atxikidura, ezarritako komunikazio-kanalaren erabilera eta pazienteen gogobetetzea izan ziren.

Emaitzak: 24 pazienteri egin zitzaien elkarrizketa eta horietatik lauk (% 16,7k) hartu zuten parte ikerketan. Parte-hartze urriaren arrazoi nagusiak: a) Internet ez erabiltzea (elkarrizketatuen % 37,5), eta b) Osasun Karpetara sartzeko pasahitzak ez izapidetzea (elkarrizketatuen % 41,7). Ikerketan parte hartu zuten pazienteen atxikidura ertaina, handia eta oso handia izan zen, eta denek erabili zuten komunikazio-kanal berria kontsultak egiteko. Oro har, guztiak gustura agertu ziren jasotako zerbitzuarekin.

Ondorioak: Osakidetzan eskuragarri dauzkagun baliabideekin, badirudi posible dela online FA garatzea. Pazienteak jasotako zerbitzuarekin pozik dagoela adierazteak haren erabilgarritasuna baieztatzen du. Muga nagusia parte-hartze urria izan zen, seguruenik pazienteen adin aurreratuak eta Osasun Karpetaren inguruko ezjakintasunak baldintzatuta. Etorkizuneko belaunaldien parte-hartze handiagoa aurreikusiz, online FAren eredu aitzindariak garatzen inbertitu beharko genuke.

https://doi.org/10.26876/osagaiz.1.2020.279
PDF