Aldizkariari buruz

Informazio orokorra

Uztaro aldizkaria euskal unibertsitarioen euskarazko materialaren gero eta behar handiagoei erantzuteko asmoarekin jaio zen funtsean. Giza eta Gizarte-zientzien esparruetako gaiei buruzko artikuluak jasotzen ditu, gaurkotasun handikoak gehienak eta eztabaidarako oinarri izan daitezkeenak. Era horretan, alde batetik euskal unibertsitarioen euskarazko material mugatuaren arazoari irtenbide bat emanez, eta bestetik, alor desberdinetako jakintzen aprobetxamendu handiago bat bermatuz.

Euskara hutsezko aldizkari zientifikoetan lehenetakoa izanik, Uztaro aitzindaria izan da parekideen ebaluazio-sistemaren prozedura arautu eta antolatzen eta nazioarteko datu-base bibliografiko erreferentzialetan agertu eta indexatua izaten. Euskarazko hizkuntza-komunitatearen tamainak muga ukaezinak ezartzen baditu ere, erronka berriei gogoz heltzen diegu.

2024 urtean aurrera-pausua eman du aldizkariak. Argitalpen digitala ere bihurtu da Open Journal System OJS plataformaren bidez formatu digitalean kudeatu eta argitaratuz. 

Edukia eta egitura

Uztaro aldizkariak giza- eta gizarte-zientziei buruzko artikuluak argitaratzea ditu. Argitaratuko dituen lanak batik bat honako arlo hauetakoak izango dira: Antropologia eta etnologia, ekonomia eta enpresa, zientziak juridikoak, hezkuntza, psikologia, filosofia, komunikazio eta kazetaritza, zientzia politikoak, soziologia eta gizarte-lana, soziolinguistika, informazio- eta dokumentazio-zientziak, hizkuntzalaritza, literatura, itzulpengintza, ikasketa klasikoak, artea, historia eta geografia..

UEUk antolaturiko ikastaro, mintegi edo jardunaldien inguruan sorturiko lanek izango dute lehentasuna Uztaro aldizkarian, baina kanpotik bidalitako lanak ere onartuko dira argitaratzeko. Betiere lan berriak izango dira, beste inon argitaratu gabeak.

Aldizkariak hiru atal ditu: artikuluak, liburu-aipamenak eta doktorego-tesien aipamenak.

Artikuluak: aldizkariaren corpusa dira eta parekideen ebaluazio-prozesua gainditu ondoren argitaratzen dira. Artikulu bakoitzaren izenburua, laburpena eta gako-hitzak euskaraz eta ingelesez aurkezten dira.
Liburu-aipamenak: kaleratu berri diren zenbait libururen aipamenak. Kritika-gomendioak egiten dira, irakurlearentzat interesgarri gerta daitezkeen liburuen berri emanez.
Euskarazko doktorego-tesien aipamenak: doktoreak berak bere tesiaren laburpena egiten du, tesia aipamen batean laburbilduz.

Ebaluazio-prozesua

Uztaro aldizkarian ahalegin handia egiten ari gara kalitatearen bila, honako alorretan arreta berezia ezarriz:

  • Edukiaren kalitatea, artikuluei gutxienez bi iragazki igaroarazi.
  • Lanen ebaluazioa gutxienez bi artikulu-ebaluatzailek egiten dute; horietako bat, gutxienez, beti izaten da aldizkaritik kanpokoa.
  • Euskararen zuzentasuna landu, ulergarritasuna eta hiztegi teknikoaren estandarizazioa kontuan hartu eta zuzentzailearen lanarekin artikulu oro orraztuz.
  • Bibliografia, aipuak, letra motak... aurkezteko arau zehatzak aplikatu.
  • Maiztasunaren zehaztasuna finkatu, urtero 500 orrialde lau zenbakitan kaleratuz.

Erredakzio Batzordeak erabakiko du zenbaki bakoitzean zer argitaratuko den, artikuluak parekoen arteko ebaluazio itsua prozeduraren bidez aztertu ondoren; gutxienez bi ebaluatzailek egingo diote Ebaluazio Txostena artikulu bakoitzari, eta gutxienez horietako bat Erredakzio Batzordetik kanpokoa izango da.

Jatorrizko lana argitaratzeari edo ez argitaratzeari buruzko erabakia, bai eta aldez aurretiko aldaketekin argitaratu ere, gehienez ere hiru hilabeteko epean jakinaraziko da, lana erredakzioan hartzen den unetik hasita.

Aldizkarian idazteko argibideak webguneko Egileentzako oharrak atalean kontsulta daitezke.

Erredakzio Batzordeak eta aldizkariaren kolaboratzaileak orokorrean Argitalpenen Etika Batzordeak (Committeeon Publications Ethics, COPE) ezarritako Kode Etikoa eta Jardunbide Egokiak betetzen ditu. UEUren argitalpenek jarraituko duten Argitalpenetarako Jardunbide Gida kode horretan oinarritzen da.

Maiztasuna

Gaur egun, Uztaro. Giza eta gizarte-zientzien aldizkaria hiruhilabetekaria da.

1996a arte, urtean hiru zenbaki kaleratu ziren, baina 1996az geroztik urtean lau zenbaki argitaratzen dira (martxoan, ekainean, irailean eta abenduan).

Zenbaki bakoitza 125 orrialdekoa izaten da, batez beste, eta lau motatako lanak argitaratzen dira: aldizkariaren atal nagusia artikulu zientifikoek osatzen dute (kanpo-ebaluazio itsuarekin), baina ondoren, zenbakien arabera, beste hauek ere izaten dira: liburu-aipamenak, doktorego-tesien aipamenak eta UEUren jardun akademikoarekin erlazionaturiko lanak.

Paperezko bertsioa jaso ahal izateko harpidetza urteko 25 €koa da eta, horren bidez paperezko liburukiak etxean jasoko da (urtean lau zenbaki, guztira 500 orrialde inguru). Bertsio digitala aldi berean argitaratuko da eta dohan kontsultatu eta deskargatu ahalko da. HARPIDETZA ESKAERA

Erabilera-eskubideen aitortza

Uztaro. Giza eta gizarte-zientzien aldizkariaren bertsio digitala lineako doako sarbidea eskaintzen du aldizkariaren eduki guztietarako. Argitaratzen den lehen momentutik CC-BY-NC-SA lizentzia izango du, Aitortu-Ez Komertziala-PartekatuBerdin 4.0.

Aldizkaria guztiz doakoa da alde guztientzat: egileak, ebaluatzaileak eta irakurleak. Ez du tasarik kobratzen lanak bidaltzeagatik, ezta kuotarik ere artikuluak argitaratzeagatik, eta ez da erregistrorik behar edukietara sartzeko.

Egileek Uztaro. Giza eta gizarte-zientzien aldizkarian argitaratutako lanak beste bitarteko edo aldizkari batzuetan argitaratu ditzakete, betiere, orri-oineko lehen oharrean lehen aldiz Uztaro. Giza eta gizarte-zientzien aldizkarian argitaratutako lana dela adieraziko badu, zenbakia, urtea, orriak eta DOI (hala badagokio) adierazita.

Aldizkarien edukiaren erabilerak etorkizunean ezaguna edo garatua den edozein era edo formatutan, baita beste edozein erabilerak ere, baimendua dago beti ere, egileari eta aldizkariari erreferentzia egiten zaion bitartean, sarbide irekiko sistemen bidez zabaltzea onartuz eta nazioarteko komunitate zientifikoak eta gainerako gizarteak edukiak erabiltzea ahalbidetuz.

Uztaro. Giza eta gizarte-zientzien aldizkaria paperean ere argitaratzen den aldizkaria da; argitaratu osteko lehen urtean, paperezko bertsioa ordainpekoa izango da. Urtea pasa ostean ez da paperezko bertsioaren banaketarik egiten.

Uztaro aldizkariko edukiak paperean gordetzeaz gain, formatu digitalean ere izango dute gordailua bermatua. UEUk aldizkariak.ueu.eus webgunean eta www.ueu.eus/argitaletxea/aldizkariak liburutegi digitalean kopia bana mantentzen baititu.