Laburpena
Helburua: Online eskainitako farmazia-arretaren (FA) eredu pilotu bat deskribatzea eta haren bideragarritasuna eta erabilgarritasuna aztertzea.
Metodoa: Online eskainitako FA zerbitzuaren esplorazio-izaerako ikerketa prospektiboa eta deskribatzailea egin zen, 12 astez, minbiziaren aurkako aho bidezko agenteekin tratatutako giltzurrun-minbizi aurreratua zuten pazienteetan. FA zerbitzua honetan oinarritzen zen: 1) medikazioari eta ondorio kaltegarriei buruzko informazioa ematea; 2) ondorio kaltegarrien galdetegiak eta pisuaren eta tentsio arterialaren jarraipena egitea; eta 3) pazientearen eta farmazialariaren arteko zuzeneko komunikazio-kanal bat ezartzea. Dena online, Osasun Karpetaren bitartez. Neurtutako aldagaiak FA programaren atxikidura, ezarritako komunikazio-kanalaren erabilera eta pazienteen gogobetetzea izan ziren.
Emaitzak: 24 pazienteri egin zitzaien elkarrizketa eta horietatik lauk (% 16,7k) hartu zuten parte ikerketan. Parte-hartze urriaren arrazoi nagusiak: a) Internet ez erabiltzea (elkarrizketatuen % 37,5), eta b) Osasun Karpetara sartzeko pasahitzak ez izapidetzea (elkarrizketatuen % 41,7). Ikerketan parte hartu zuten pazienteen atxikidura ertaina, handia eta oso handia izan zen, eta denek erabili zuten komunikazio-kanal berria kontsultak egiteko. Oro har, guztiak gustura agertu ziren jasotako zerbitzuarekin.
Ondorioak: Osakidetzan eskuragarri dauzkagun baliabideekin, badirudi posible dela online FA garatzea. Pazienteak jasotako zerbitzuarekin pozik dagoela adierazteak haren erabilgarritasuna baieztatzen du. Muga nagusia parte-hartze urria izan zen, seguruenik pazienteen adin aurreratuak eta Osasun Karpetaren inguruko ezjakintasunak baldintzatuta. Etorkizuneko belaunaldien parte-hartze handiagoa aurreikusiz, online FAren eredu aitzindariak garatzen inbertitu beharko genuke.