Laburpena
Ikerketa epidemiologiko zein kualitatiboek adierazten dutenez, paziente bat ezberdin artatua suerta daiteke emakumezko ala gizonezko izan. Berrikuspen bibliografiko honetan, fenomeno horren atzean egon daitekeen osasun-profesionalen genero-isuri psikologikoaren nondik norakoak aztertu dira. Hainbat lurraldetako ikerketa ezberdinen emaitzak kontuan hartuz, genero-isuriak osasun-profesionalen esfortzu terapeutikoan eragin dezake, eta horrek, halaber, pazientea artatzeko, tratatzeko eta bideratzeko prozesua alda dezake, morbi-mortalitatean eraginez. Osasungintzan ageri den genero-isuria murrizteko lerro estrategiko gisara, baliabide hauek gomendatzen dira: sexu-ezberdintasun biologikoak errespetatzen dituzten gida kliniko estandarizatuak, osasun-profesionalen genero-kontzientzia eta aurreiritzien lanketa, eta genero-gaiak osasun-ikasketetan jorratzea.