Abstract
Taxus baccata munduko zuhaitz toxikoenetako bat da. Taxanoak eta alkaloide toxikoak dauzka: taxina da arriskutsuena. Landare ohikoa da gurean eta erabat arriskutsua izan daiteke; haatik, hagin-intoxikazioa nahiko bakana da. Kasuak nahita edo ezbeharrez gerta daitezke. Hortaz, gertaera susmagarrien orientazio eta diagnostiko azkarra egitea garrantzitsua da, arin artatzeko.
Kasu baten berri izan genuen. Gizonezko batek hagin-hosto ugari irentsi zuen suizidatzeko asmoz eta sintomarik gabe ospitaleratu zuten. Arnas alkalosia, konorte-galera eta takikardia bentrikularra jasan zituen ondoren. Urgentziaz tratatu zuten eta astebetean guztiz suspertu zen.
Ez dago intoxikazio hau orienta dezakeen alterazio analitiko espezifikorik. Laborategi klinikoetan ez da taxinaren konposatuen analisia egiten. Behin betiko diagnostikoa 3,5-dimetoxifenola (taxinaren metabolitoa) neurtuz konfirmatu zen, gas-kromatografia eta masa-espektrometria bidez. Laginak Toxikologia Institutuan analizatu ziren.