Laburpena
Badoa 2021 urtea ere eta iritsi da OSAGAIZ aldizkariaren aurtengo bigarren zenbaki arrunta argitaratzeko unea. Iazkoan bezala COVID-19 gaixotasunaren eraginak markatutako urtea izan da, badirudi birusa gelditzeko etorri dela eta ikusi egin beharko da mundu mailan nolako eboluzioa izango duen etorkizunean.
SARS-Cov-2 birusak eragindako pandemiari aurre egiteko oso garrantzitsua izan da txertaketa masiboa. Txertoen garapena oso azkarra izan da eta bere eraginkortasunarenganako eta albo-ondorioenganako nolabaiteko mesfidantza sortu da hainbat pertsonarengan. Aldizkariaren ale honetan argitaratu dugun artikulu batean egileek iturri ezberdinetatik lortutako informazio zabala bildu eta landu dute txerto hauen onurak eta arriskuak ebaluatzeko.
Artikulu batean antisorgailu hormonalei buruzko ikerketa bibliografiko bat bildu da. Bertan aurkitu dutenez, farmako hauek hartzaileengan beldurra sortzen badute ere, eragin ditzaketen albo-ondorioak arinak eta iragankorrak dira eta gomendagarria da jarraipen medikoa egitea. Heziketa sexualaren lanketa hobetu beharko litzateke eskoletan eta gizonezkoentzako kontrazepzioan ere aurrerapenak beharrezkoak lirateke.
Emakumeek erditu ondoren depresioa izan dezaketela nahiko ezaguna da eta haren prabalentzia altua kontutan harturik arduraz hartu beharreko arazoa da. Artikulu batean argitaratu dugun ikerketa bibliografikoan ikusi dute bere gorputz-irudiarekin gustora ez dauden emakumeek erditu-osteko depresioa pairatzeko arrisku handiagoa dutela. Gorputzarekiko gogobetetzea lantzea onuragarria izan daiteke erditu ondorengo depresioaren prebentzioan.
Umeen elikadurari buruzko artikulu erakargarri bat ere sartu dugu aldizkariaren ale honetan. Umetxoa handitzen ari den heinean, elikagai osagarriak sartu behar izaten dira bere dietan eta orokorrean koilara bidez egiten da. Dena dela badago beste metodo bat Umeak Gidatutako Elikadura Osagarria bezala ezagutzen dena eta kasu honetan umeak erabakitzen du eskaintzen zaizkion elikagaietatik zein jan nahi dituen eskuekin bere erritmora. Literatura zientifikoaren berrikuspen bat eginez aztertu dira metodo honen onurak eta zalantzak. Egileek azpimarratu nahi izan dute gai honi buruzko ikerketa gehiago behar direla.
Gizonezko gazteen artean agertzen den barrabiletako zelula germinalen minbizia kasu gehienetan sendatzea lortzen da, baina tratamenduak epe luzerako ondorio kaltegarriak utz ditzake, adibidez ugalketarako arazoak eta baita ere bihotz-hodietako gaixotasunak izateko edo beste tumore batzuk izateko arriskua. Konbertasak zenbait proteina inaktiboren heltze-prozesuen arduradunak dira eta haien susbtratu askok tumoreen garapenarekin erlazioa dute. Artikulu batean aztertu dute konbertasek barrabiletako zelula germinalen minbizian izan dezaketen eragina eta horrek izan dezakeen balioa helburu diagnostiko eta terapeutiko gisa.
Gero eta gehiago dira generoak zenbait osasun-egoeratan duen eragina aztertzen duten ikerketak eta, hain zuzen, OSAGAIZ aldizkariaren zenbaki honetan argitaratzen dugun artikulu batean irakurri daitekeenez, EAEko emakumeek modu larrian eta ez programatuan ospitaleratuak izateko arrisku handiagoa dute ondorengo arrazoi hauengatik: hipertentsioa, bihotzeko angina, disritmia kardiakoak, bihotz-gutxiegitasuna eta aterosklerosia. Generoarekin lotutako ezberdintasun horiek zuzentzeko hainbat ildo lantzeko beharra aipatu dute.
Adin batetik aurrera erorikoak izateko arriskua handitu egiten da eta, ondorioz, osasun-arazo ugari eratortzen dira. Galdera da ea posible den ariketa fisikoa landuz osatutako programa batek eroriko horiek gutxitzeko balio al dezakeen . Artikulu batean literatura medikoaren azterketa sistematiko bat egin da galdera horri erantzuten saiatzeko. Azterketa honetan aurkitu dutenez, zenbait argitalpenek diote programa hauek erorketen intzidentzia gutxitzen dutela, baina badira gutxitze hori frogatzea lortu ez dutenak ere. Bestalde osagai anitzeko ariketez osatutako programek eragin positiboa lortzen dute erorketen arrisku-faktoreetan.
Aurten ospatu den ikertzaile gazteen IKERGAZTE 4. Edizioan osasun-arloan irabazle aukeratu zen lana ekarri dugu aldizkariaren ale honetara Lan sarituak atalean. Endometriosiak neurri antropometrikoekin eta ezaugarri menstrualekin izan dezakeen lotura genetikoa aztertu da. Ikerketan diotenez pisu baxuak eta hileroko ziklo laburrek endometriosiarekin harreman genetikoa dute eta erlazio hori kausala ere izan daiteke.
Osasun arloko unibertsitate-ikasketetan behar diren testu-liburuen hutsunea arintzera dator Dosi txikitan atalean aipatzen den Giza histologiari buruzko eskuliburua odontologiako ikasleentzat liburua. Bertan irakurri ditzakegu liburuaren edukiak.
Beste era bateko liburu gomendagarri bati buruzko informazioa ere ekarri dugu Dosi txikitan atalera, hain zuzen, Jose Antonio Agote saria irabazi zuen Medikuaren oinarrizko gaitasun profesionalak izenburua daraman liburu argitaratu berria da.
2021eko uztailean Bilbon egin zen osasuna eta hizkuntza gaitzat hartuta EHUko laugarren uda ikastaroa. Bertan aurkeztatutakoaren aipamen labur bat ere ekarri dugu aldizkarira.
Kritikoki aztertutako lanen atalean oraingoan argitaratzen dugun artikuluan diotenez paziente ez-zirrotikoen multzoan hepatitis autoimmuneen tratamenduan azatioprina budesonidarekin konbinatuta eraginkorragoa da eta toxikotasun txikiagoa du azatioprina eta prednisonaren konbinazioarekin alderatuta.
Farmazialarien txokoan argitaratu dugun lehen artikuluan terapia antineoplasiko ezberdinen eragin toxikoak aztertu dituzte. Alde batetik tratamendu zitotoxiko klasikoak ditugu, eta beste alde batetik, azkeneko urteetan gero eta gehiago erabiltzen diren terapia molekular gidatuak eta immunitatearen kontrol-puntuen inhibitzaileak. Garrantzitsua da terapia hauen ondoriozko albo-ondorioen identifikazioan eta maneiuan trebatzea.
Txoko honetan aurkituko duzue baita ere azkenaldian argitaratu diren INFAC buletinen, medikamentu berrien fitxen eta i-botika informazio-orrien ohiko laburpena.
Editorialean aipatu nahi nuen baita ere Euskararen egunean ospatutako ekitaldi batean Osakidetzako Donostialdea ESIak OSAGAIZ aldizkariari sari bat eman ziola euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzen duelako. Irudian ikus daitezke erredakzio- batzordeko Izaskun Elezgarai eta Joxerra Furundarena saria jaso berritan.
Erredakzio-batzordea osatzen dugunon partetik Urte berri on egile, ebaluatzaile eta irakurle guztioi!