Editoriala

Egileak

  • Jose Ramon Furundarena

Laburpena

Kaixo, irakurle:

Urtebete joan da OSAGAIZ aldizkariaren lehen zenbakia argitaratu genuenetik, azkar pasa dira hamabi hilabeteak, baina atzera begira jarrita, emandako pausoek arrastoa utzi dutela ikusi dezaket. Pixkanaka aldizkaria ezagunagoa egiten ari da eta interesa piztu du aurkezpenak egin diren lekuetan. Gure asmoa urtean bi zenbaki argitaratzea zen eta lortu genuen.

Aurtengorako asmoen artean genuen OEEk urtero antolatzen duen Osasun Biltzarreko materiala OSAGAIZ aldizkarian zenbaki berezi bezala argitaratzea. Orain dela gutxi Arantzazun egin den biltzarra zen lehen erronka eta esan dezakegu ondo gainditu dugula. Hemendik aurrera OEEk antolatzen dituen Osasun Biltzarretako ponentziak, ahozko komunikazioak eta posterrak aldizkariaren zenbaki berezietan argitaratuko dira osagaiz.eus web orrian eta orain arte bezala oeegunea.eus web orrian ere eskuragarri egongo dira.

Aldizkariak zenbaki berezi gehiago argitaratzeko aukerak ematen ditu eta hurrengoa EHUk antolatutako udako ikastaro bat jasoko duena izan daiteke.

Gatozen orain argitaratutako zenbakian zer aurki dezakegun ikustera. Diabetesa prebalentzia handiko gaixotasun kronikoa da. Gipuzkoako farmazietan «II motako diabetesa pairatzeko arriskua antzemateko programa» jarri zen martxan 2017an. Orain eskura duzun artikulu batean jaso dira Elgetako farmazian programak 6 hilabeteko ikerketa prospektibo batean 58 pertsonarekin lortutako emaitzak. Elgetako biztanleriaren osasun-egoera oro har ona dela ikusi dute, hala ere, neurtutako hainbat datutan (gerriko perimetroa, eguneroko ariketa fisikoa eta hipertentsioa) ahuleziak antzeman dira. Hori dela–eta, Elgetako biztanleriaren osasun-heziketa indartu behar dela ondorioztatu da.

Jarduera fisikoa erregulartasunez praktikatzea eta nutrizio egoki bat izatea bizi-ohitura osasuntsu garrantzitsuenen artean daude. Irakurgai duzun artikulu batean jarduera fisikoko programa batean parte hartzen zuten 683 pertsonari egindako galdetegi batzuk aztertzen dira. Bertan nutrizio egokiari buruz eta eguneroko elikadurari buruz egindako galderetan ikusten dute kontradikzio batzuk daudela. Adibidez, obesitatea pairatzen zuten askok ez zuen bere pisua kontrolatzen eta hipertentsio arteriala zutenen artean usu gatza erabiltzen zuten bazkarietan. Ondorioztatzen dute osasun-heziketa helburu duten programak hobetu eta zabaldu behar direla.

Depresioarekin lotutako bi lan argitaratu ditugu aldizkariaren zenbaki honetan. Depresio nagusiaren etiologia eta oinarri fisiopatologikoak azaltzeko hainbat teoria proposatu dira, hala nola teoria monoaminergikoa edo neurotrofikoa. Hala ere, oinarri neurobiologikoak oraindik ez dira ezagutzen, sistema ezberdinen parte-hartzea izanik proposatzen dena.

Depresioan hanturaren eta funtzio neuralaren arteko elkarrekintza dagoela frogatzen duten entsegu prekliniko eta klinikoetako emaitzak gero eta pisu handiagoa hartzen ari dira, teoria neuroinflamatorioa indartuz. Gaixotasun inflamatorioak dituzten pazienteetan lortutako emaitzen arabera, zitokina proinflamatorioak inhibitzeak gaixoek pairatzen dituzten sintoma depresiboak hobetzen eta ohiko tratamendu antidepresiboaren erantzuna hobetzen lagundu dezake. Beraz, garunean gertatzen den hantura eta sistema immunea itu dituzten tratamenduak garatzea aukera bat izan daiteke hantura duten depresiodun pazienteen sintomatologia hobetzeko.

Bi bider ohikoagoa da depresioaren diagnosia emakumeetan gizonezkoetan baino, eta, ondorioz, baita farmako antidepresiboen erabilera ere. Ikerketa gehienak animaliekin egiten dira, eta ikerketetako emaitzak gizon nahiz emakumeetara orokortzen dira gero. Ez da kontuan hartzen antsietate eta depresioaren aurkako tratamenduen eraginkortasuna sexuaren araberakoa dela. Hori dela-eta, artikulu batean ezegonkortasun sozial kronikoaren estresa bizi duten sagu emeen jokabidean eta garuneko bide serotoninergikoan benlafaxinak —serotonina eta noradrenalinaren birkaptazioaren inhibitzailea— duen eragina aztertzen da.

Clostridium perfringens bakterioak eragindako hemolisi intrabaskular barreiatu baten kasua jaso da beste lan batean. Bakterio anaerobio horrek abdomeneko infekzioak sor ditzake eta zenbait kasutan sepsia, eta orduan agertu daiteke hemolisi masiboa eta heriotza. Intzidentzia baxua duen konplikazio honetan laborategiko teknikek eta haien emaitzek daukaten garrantzia nabarmentzen da, berrikuspen bibliografiko batean oinarrituz. OSAGAIZ aldizkarian erabaki dugu kasu honen argazkiekin osatzea azala. Argazki batean ikus dezakegu hemoglobinuriak eragindako odol-koloreko gernua eta beste argazkian odoleko neutrofilo batek fagozitatutako Clostridium perfringens bakterioa.

Kritikoki aztertutako hiru testu (KAT) jaso ditugu oraingo zenbakirako. Lehenengoan pneumokokoaren aurkako txertoa konplikazioen prebentzioan eraginkorra ote den galdetzen da. 65 urtetik gorako helduetan pneumonia pneumokozikoa eta gaixotasun pneumokoziko inbaditzailea prebenitzeko balio du, nahiz eta oso magnitude txikian izan. Ez du gutxitzen komunitatean hartutako pneumonia totalaren intzidentzia eta ez dago datu nahikorik hilkortasunaren gainean duen eragina aztertzeko.

Bigarren KATean tenperatura periferikoa neurtzeko erabiltzen ditugun termometroak aztertu dira. Garrantzitsua da sukarra antzemateko termometro periferikoek sentsibilitate altua izatea. Lan honetan aztertutako termometro periferikoek sentsibilitate baxua agertu dute, horrek esan nahi du tenperatura periferikoa neurtzeko darabiltzagun termometroak ez direla zehatzak gorputzaren tenperatura neurtzeko orduan. Hori dela-eta, posible da sukarra izatea termometroak kontrakoa esan arren.

Hirugarren KATean aztertu da ea kanagliflozina bihotz-hodietako gaixotasunaren lehen eta bigarren mailako prebentziorako eraginkorra den ala ez. Bertan ikusi da kanagliflozina ez dela eraginkorra lehen mailako prebentzioan II motako diabetikoetan. Bigarren mailako prebentzioan eraginkortasun txikia dauka eta kontrako eraginak maiz eragiten ditu.

Farmazialarien txokoan jaso dugun lehen artikulu laburrean iktusa farmaziaren ikuspegitik aztertzen da. Mediku, erizain eta farmazialarien arteko elkarlana ezinbestekoa da herritarron osasuna hobetzeko. Iktusaren inguruko informazioa jaso da, iktusa pairatzeko arrisku-faktoreak saihesteko aholkuak deskribatuz eta seinale klinikoak azalduz. Prebentzioaren eta detekzioaren inguruan, farmazialarien arreta erakarri nahi izan dute.

Beste aldetik INFAC, botika berrien eta i-botika fitxen azken hilabeteetako laburpena jasotzen duen artikulua duzue.

Dosi txikitan atalean informazio interesgarria jaso da. Eusko Jaurlaritzako euskarazko terminologialanaren plangintzaren barruan, medikuntza-arloko terminologia lantzea dauka ezarrita Terminologia Batzordeak lehentasunen artean. Traumatologia eta Hiesa hiztegiak izan dira UZEIk egin, eta, batzorde tekniko banatan landu ondoren, Terminologia Batzordeak onartu dituen aurrenekoak. Artikulu batean hiztegi horiei buruzko informazioa irakur dezakezue.

Beste artikuluan Giza histologia orokorra liburuaren aurkezpena egiten da. Bertan liburuaren edukiak eta helburuak azaltzen dira eta egileek erabilitako iturri eta irizpideak.

Irakurle, uste dugu OSAGAIZ aldizkariaren zenbaki honetan ere aurkituko dituzula zure interesa piztuko duten lanak. Hurrengo zenbakirako artikuluak iristen hasi dira, bidali zeuk ere lanen bat eta ongi etorria izango da.

 Jose Ramon Furundarena

Downloads

Argitaratua

2018-07-03

How to Cite

Furundarena, J. R. (2018). Editoriala. Osagaiz: Osasun-Zientzien Aldizkaria, 2(1). Berreskuratua -(e)tik https://aldizkariak.ueu.eus/index.php/osagaiz/article/view/176

Zenbakia

Atala

Editoriala