Editoriala
PDF

Gako-hitzak

Editoriala

Aipuak nola egin

Furundarena, J. R. (2025). Editoriala. Osagaiz: Osasun-Zientzien Aldizkaria, 9(1). Berreskuratua -(e)tik https://aldizkariak.ueu.eus/index.php/osagaiz/article/view/5214

Laburpena

OSAGAIZ aldizkariaren aurtengo lehen alea osatu dugu eta zuen interesekoa izatea espero dugu.

Lehen artikulua melanomaren tratamenduari buruzkoa da. Barrualde-Galdakao ESIko eguneko ospitalean 2017tik 2023ra bitartean pembrolizumab farmakoarekin tratatutako melanoma metastasikoa duten 32 pazienteren berrikuspen erretrospektibo baten emaitzak jaso dituzte eta ondoren KEYNOTE-006 saiakuntza klinikoan lortutako emaitzekin konparatu dituzte. Pazienteen % 15,6k erantzunosoa izan zuten eta % 28,1ek erantzun partziala, biziraupen-tasa 12 hilabetera % 71,9koa izan zen eta progresiorik gabeko biziraupena 6 hilabetera % 68,8koa. Lortutako emaitzak saiakuntza klinikoan argitaratu ziren emaitzekin konparagarriak izan ziren. Immunoterapia-tratamendu honen emaitzei esker kimioterapia ordeztea lortu da.

Bigarren artikulu interesgarri batean, farmazialarien eta familia-medikuen arteko elkarlan baten emaitzak jaso dira. Hasieran proiektu pilotua egin zen Donostialdeko ESIn eta ondoren beste ESI batzuetara zabaldu zen. Komunitateko farmazialariek medikazio-akatsak edo beste arazo administratibo batzuk atzematen zituztenean, osasun-zentroko administrariekin telefonoz jartzen ziren harremanetan premiazko arazoak zirenean eta posta elektronikoz premiazkoak ez zirenean. Atzemandako 1.179 arazoen % 90 baino gehiago 24 ordu baino lehenago konpondu ziren. Posta elektronikoa izan zen gehien erabili zen komunikazio-sistema. Emaitza bikain horiek kontuan hartuta antzeko erreminta bat inplementatzen hasiko dira ondoren modu orokorrean erabili ahal izateko.

Ale honetako beste artikulu batean kalamuaren abusuzko kontsumoak ahoan izan ditzakeen albo-ondorioei buruzko azterketa bibliografiko bat bildu da. Ondorio horien artean xerostomiak eta arazo periodontalek erlazio zuzena agertu zuten. Kontsumitzaileek arrisku gehiago agertu zuten ahoko ehun bigunen lesioak, mihi-alboko biofilmaren aldaketak, txantxar-lesioak eta ahoko minbizia izateko. Odontologoek prebentzioa bultzatu beharko lukete eta pertsona horien kalamu-kontsumoan eragiten saiatu.

Beste arlo bateko ikerketa bat jaso da beste artikulu batean. Estatuko Osasun Sistema Nazionaleko erregistro klinikoetako datuetan oinarrituta eta genero-ikuspegi batetik jaso dira 0 eta 18 urte artean haur eta nerabeetan diagnostikatutako osasun mentaleko arazoak eta preskribatutako psikofarmakoak. Mutiletan eta gehienbat haurtzaroan arazo hauek jaso dira: portaera-arazoak, arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua eta psikoestimulatzaile eta antipsikotikoen erabilera. Nesketan eta nerabezaroan, berriz,gehiagotan atzeman dira antsietate- eta depresio-arazoak, eta antsiolitikoen eta antidepresiboen kontsumoa. Beraz, haur eta nerabeen osasun mentala barne hartzen duen praktika klinikoan genero-ikuspegia ere landu behar da.

Farmazialarien txokoan terapia genikoari buruzko berrikuspen labur bat jaso dugu. Tratamendu horren helburuak izan daitezke geneen mutazioak zuzentzea, gene akastunak isilaraztea edo falta diren geneak ordeztea. Hasiera batean alterazio monogeniko hereditarioentzat erabili zen, batez ere gaixotasun hematologikoetan eta sortzetiko immunoeskasietan, baina gaur egun hartutako zenbait gaixotasunetan ere ikertzen ari dira, hala nola zenbait minbizitan, gaixotasun neurodegeneratiboetan eta hartutako immunoeskasiaren sindromean. Lerro germinaleko terapia genikoari dagokionez, gainbegiratze etiko zorrotzarekin egin beharrekoa da. Terapia genikoak oraindik ere zailtasun ugari dituen arren, etorkizun handia izan dezake.

INFACetik ere jaso dugu azken hilabeteetan argitaratu dituzten artikuluen laburpen-bilduma.

 

“Dosi txikitan” atalean bi artikulu labur jaso ditugu. Lehenengoan azken urteetan erizaintzan izan diren aldaketak jasotzen dira. Hainbat datu-iturri erabiliz zenbait gai aztertu dituzte: erizainen ikerketa-lanen ekoizpena, enplegagarritasun-tasak, lan-baldintzak eta erizain kopuruen banaketa arreta-maila ezberdinetan.

Atal bereko bigarren artikuluan 2024. urtean argitaratu zen Euskadiko haurren aho-hortzetako osasunaren bosgarren azterketa epidemiologikoaren alderdi batzuk jaso dira. Azterketa horren helburuak izan ziren euskal ikasleen ahoko eta hortzetako osasun-egoera jakitea, aurreko azterketen emaitzekin konparatzea, Haurren Hortzak Zaintzeko Programak eta uraren fluorazioak izan duten eragina ikustea eta aldagai sozioekonomikoek ahoko osasunean duten eragina ezagutzea.

 

 

PDF
Creative Commons License

This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.

Copyright (c) 2025 Jose Ramon Furundarena