Laburpena
2017ko ekainean argitaratu genuen OSAGAIZ osasun-zientzien aldizkari berriaren lehenengo alea eta konturatzerako iritsi da bigarren alea. Aldizkari berriaren jaiotzari buruzko informazioa zabaltzeko prentsaurreko bat eman genuen Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean eta handia izan zen komunikabideetan lortutako oihartzuna: egunkarietan —Berria, Gara-Naiz, Diario Vasco—, aldizkarietan —Argia, Aizu, Noaua—, irratietan —Euskadi Irratia, Bizkaia Irratia, Info7—, Gipuzkoako Medikuen Elkargoak argitaratzen duen Medikuen Ahotsan, Donostialdea ESIko intraneten eta aldizkarian, BioAraban eta hainbat web orritan —UEU, Oeegunea—. Donostia Unibertsitate Ospitalean aurkezpen-bilerak egin dira zerbitzu ugaritan eta Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleei eta ikasleei ere helarazi diegu informazioa.
Orain bigarren alea datorkigu hainbat lan interesgarrirekin. Pankreatitis akutua pankrearen gaixotasun onbera eta akutua da. Gehienetan arina izan ohi da, baina formarik larrienetan hilkortasun- eta konplikazio- tasa handiak izan ditzake. Kasu larri horietarako, oso garrantzitsua da espezialitate anitzeko protokolo bat izatea, maila ezberdinetan eman beharreko arreta hitzartua duena. Berrikuspen-lan honetan maila bakoitzean eman beharreko arreta egokia deskribatzen da larrialdi-zerbitzuetarako eta ospitaleratze-unitate ezberdinetarako, eta azkenik kirurgiarako zer indikazio dauden ere zehazten da.
Arreta-defizita eta hiperaktibitatearen nahastea (ADHN) umeengan arazo hedatua da gure gizartean. Haurdunaldiko tabako-kontsumoarekin lotu izan da hainbat ikerketatan, baina gaur egun lotura hori ondo finkatu gabe dago. Bigarren ale honetan argitaratzen dugun ikerketa batean haurdun dauden emakumeen tabako-aztura eta haien haurdunalditik jaiotako 4 urteko umeen ADHNa aztertu da. Ikerketa horrek adierazten du ADHNaren eta haurdunaren tabako-kontsumoaren arteko lotura egotekotan ez dela oso handia eta ikerketa gehiago beharko direla hipotesi hori ondo baieztatzeko.
Min kronikoak erasandako pertsona asko dago eta kannabinoideek tratamenduan eduki dezaketen baliagarritasuna aztertu da beste artikulu batean. Oro har, gaur egun min akutua tratatzeko dauden farmakoak eraginkorrak dira, baina min kronikoa tratatzeko epe luzera arazoak ager daitezke, adibidez opiazeoekin. Azken urteotan kannabinoideen gaineko ikerkuntzek bultzada handia jaso dute eta minaren tratamendurako kannabinoide psikoaktibo eta ez-psikoaktiboen arteko nahasketak aztertu dira. Kannabinoide eta opiazeoen elkarketak ikertu dira eragin analgesiko sinergikoa lortzeko eta dosi txikiagoak erabilita segurtasuna handitzeko.
Donostia Unibertsitate Ospitaleko hematologiako kontsultetan ikusi zuten kontsultaren arrazoi usuena hauetako alterazio analitiko baten agerpena zela: gammapatia monoklonala, leukozitosia, linfozitosia, neutropenia, monozitosia edo/eta tronbozitosia. Hematologiako eta lehen arretako medikuz eta erizainez osatutako lantalde bat sortu zuten eta sei alterazio analitiko horiek oinarri hartuta dokumentu bat adostu zuten. Dokumentu horretan idatzi zen alterazio hematologiko horietako bat edo gehiago agertzen zuten pertsonetan zer azterketa egin behar ziren eta ea jarraipena lehen mailako osasun-zentroan egin behar zitzaien ala hematologiako kontsultetan. Lan interesgarria da ospitaleko zerbitzu bat eta lehen mailako zentroetako familia-medikuak elkarlanean aritu direlako eta dokumentu bat adostea lortu dutelako.
Osasun mentalaren alorrean gaixotasun psikiatrikoen zeinu eta sintomak gehienbat hizkuntzaren bidez adierazten dira. Gaixotasun psikiatriko gehienek, gainera, mintzairari eragiten diote. Berezitasun horien adibide argia eskizofrenia da. Artikulu batean gai horri buruzko berrikuspena egin dute eta honako ondorio honetara heldu dira: gure testuinguru soziala elebiduna izanda, gaixo psikotiko elebidunen azterketa psikopatologikoa bi hizkuntzak erabiliaz egitea izango litzateke egokiena.
Kritikoki aztertutako bi lan ere jaso ditugu. Lehenengoan koliko nefritikoetan alfa-blokeatzaileek izan ditzaketen onurak aztertu dira eta bigarrenean kartzinomatosi peritonealean hesteetako pseudobuxadurentzat esteroideak baliagarriak diren ala ez aztertu dute. Orain arte Donostia Unibertsitate Ospitaletik bakarrik jaso ditugu horrelako lanak eta gustatuko litzaiguke beste ospitale eta zentroetatik ere jasotzea.
Farmazialarien txokora insomnioaren tratamendu fitoterapeutikoaren berrikuspen labur bat ekarri dugu eta azkeneko sei hilabeteetan INFAC buletin ezagunetan medikamentu berrien fitxetan eta ibotika txostenetan argitaratutakoaren laburpen bat ere bai.
«Dosi txikitan» atalean argitaratu dugun lehen lanean osasun-terminoen euskaratze automatikoa egingo lukeen EuSnomed sistema aipatzen da. SNOMED sistema herrialde askotan erabiltzen da estandar gisa osasun-txostenak idazteko eta aztertzeko, eta orain euskarazko bertsioa landu ondoren balioztatzea falta da. Itzulpen automatikoan aurrerapausoak espero ditugu txosten elebidunak lortzeko bidean. Bigarren lanean, berriz, Nola probatzen diren tratamenduak liburuari buruzko argibideak eman dizkigute.
Bukatzeko ezin aipatu gabe utzi jasotako artikuluen ebaluazio-lanak egin dituzten profesionalak, eskerrak luzatzen dizkiegu aldizkariaren batzorde editorialaren izenean. Azkenik datozen aleetarako zuen artikuluak jasotzen segi nahi genuke, azken finean zuen lanei esker lortu dezakegu OSAGAIZ aldizkaria bizirik eta indartsu mantentzea.