Laburpena
OSAGAIZ aldizkariaren ibilbidean bigarren urtea betetzera goaz eta aurreko urtearekin konparatuz oparoa izan da aurtengoa. Orain irakurgai duzun bigarren zenbaki arruntaren aurretik beste zenbaki arrunt bat eta hiru zenbaki berezi argitaratu dira. Maiatzean argitaratu genuen Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak (OEEk) «Komunikazioa – Inkomunikazioa» izenburuarekin antolatu zuen Osasun Biltzarreko material guztia. Urrian sareratu genuen «Osasun-zientzietako ikertzaileen III. Topaketak» jardunaldiko materiala. Batez ere unibertsitate-eremutik eta hein txikiago batean arlo klinikoetatik jasotako ikerketak aurkeztu ziren komunikazio edo poster moduan Eibarko UEUren egoitzan antolatu ziren topaketa horietan. Ikerketa horien maila zientifikoa goraipatu eta irakurleak animatu nahi nituzke bertan aurkeztutako lan hauek irakurtzera. Aurtengo hirugarren zenbaki berezia azaroan argitaratu zen Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU-UPVk) eta Osakidetzak elkarrekin «Osasuna eta hizkuntza: erronkak eta aukerak» izenburuarekin antolatu zuten udako ikastaroko materialarekin.
Aurtengo bigarren zenbaki arrunta artikulu interesgarriz osatu dugu. Koloneko eta ondesteko minbizia bahetzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Sailaren programak 10 urte bete ditu. Programa hori 50 eta 69 urte bitarteko biztanleei zuzenduta dago. Gorozkietan ezkutuan dagoen odola detektatzeko testaren bidez egiten da, bi urtean behin, eta kasu positiboetan kolonoskopia egiten da sedazioarekin. Artikulu batean bildu da 2009-2016 bitartean egindako gonbidapen guztien azterketa. Parte-hartzeari dagokionez, hobekuntza bat egon da eta ikusi da emakumezkoek gehiago parte hartzen dutela. Atzemandako minbizi-kasu guztietatik % 69,2 hasierako estadioetan aurkitu ziren. Testaren sentsibilitatea altua izan zen eta iragarpen-balio negatiboa ia ehuneko ehunekoa. Programarekin biziraupenaren hobekuntza lortzen da eta balantzea positiboa izan dela ondorioztatu da.
Afasiaren inguruko ikerketan eta tratamenduan komeni da azterketa eta tratamendua gaixoaren eta haren senideen ingurune linguistikoari egokitzea; eta afasia duten elebidunen kasuan, gainera, hizkuntza guztiak aztertzea. Europako hizkuntza-aniztasuna kontuan harturik, hizkuntzen arteko ikerketa konparatiboak eta afasia duten elebidunen azterketa ahalbidetzeko asmoz, afasia ebaluatzeko Comprehensive Aphasia Test (CAT) tresna hamalau hizkuntzatara egokitzeko bidean da, eta euskara dago hizkuntza horien artean. Artikulu batean CAT ebaluazio-tresnaren euskal egokitzapenaren berri ematen dute, eta prozesu horretan izaten ari diren erronka nagusiak, hartutako erabakiak eta tresna estandarizatzeko emandako urratsak aurkezten dituzte.
Beste artikulu batean 0 eta 7 urte bitarteko umeen arteko gehiegizko pisuan gurasoen ezaugarri soziodemografikoen eta antropometrikoen eragina aztertu da. Horretarako INMA ikerketa multizentriko prospektiboko Gipuzkoako laginak hartu ziren kontuan. Lan honetan aztertutako adintartean gehiegizko pisuaren prebalentzia oso altua dela aurkitu da. Bertan dioten moduan osasun arazo garrantzitsu honi aurre egiteko neurri eraginkorrak hartu beharko lirateke, eta neurri horiek maila sozial guztietara iristen direla egiaztatu, arazo hau larriagoa baita maila sozial baxuetan.
Traumatismoen ondorioz jende ugari zauritzen da edo hiltzen da urtero. Azken urteetan medikuntzaren garapen teknologikoan izandako aurrerapenek eta antolaketaren eguneratzeak ahalbidetu dute traumatismoek eragindako gaixoekin lortutako emaitzen hobekuntza. Artikulu batean laburbildu da Gipuzkoan eratu den Trauma Sistemari buruzko informazioa, sare batean integratuz emergentziak eta zentro ezberdinak. 2010ean martxan jarritako Gipuzkoako Trauma Batzordetik hainbat ekimen bultzatu dira. Bildutako datuen arabera, azken hamarkadan ingresatutako traumatizatu larrien hilkortasuna asko jaistea lortu da.
Beste artikulu batean emakumezkoen gernu-inkontinentziari buruzko berrikuspen bat egin da. Bi dira gernu-inkontinentzia mota nagusiak: premiazko gernu-inkontinentzia eta estresagatiko gernu inkontinentzia. Arazo hau ginekologoek edo urologoek aztertu dezakete. Tratamendurako neurri orokorrak izan daitezke zoru pelbikoko muskuluen indartzea, gernu-maskuriaren funtzioan eragitea eta eguneroko bizi-ohiturak aldatzea. Lan honetan tratamendu farmakologikoak eta kirurgikoak ere aztertu dira.
Medikuntzako gradu-amaierako lanak ere jasotzen hasi gara. Horietako batean síndrome mielodisplasikoa del(5q) isolatuarekin aztertu da. Anemia sortzen duen gaixotasun horretan hezurmuinean megakariozito hipolobulatuak aurkitzen dira eta azterketa zitogenetikoan del(5q) delezioa. 10 urtez jasotako datuak aztertu dira eta literaturaren berrikuspen bat egin da. Tratamenduari dagokionez, lenalidomidaren lorpenak eta albo-ondorioak jaso dira.
Kritikoki aztertutako bi testu (KAT) jaso ditugu zenbaki honetarako. Lehenengoan diotenez, aspirina ez da eraginkorra bihotzeko eta garuneko gaixotasunak gutxitzeko diabetikoetan. Bigarrengoan ondorioztatzen dutenez, oxigenoaren ordez fluxu altuko sudurreko kanula erabiltzeak intubazio orotrakealaren beharra gutxitzen laguntzen du, baina zainketa intentsiboetako unitatean neurtutako hilkortasun-tasa eta egonaldia ez ditu gutxitzen.
Farmazialarien txokoan jaso dugun lehen artikuluan sendagai umezurtzak aztertu dira. Sendagai horiek gaixotasun arraro baten diagnostiko, prebentzio edota tratamendurako erabiltzen dira. Farmako horien garapenean zailtasunak agertzen dira paziente gutxirentzat balio dezaketelako, horregatik tratamendu horien ikerketa ezohiko bideetatik lagundu behar izaten da.
INFAC, botika berrien eta i-botika fitxen azken hilabeteetako laburpena jasotzen duen artikulua ere eskuragarri daukazue.
«Dosi txikitan» atala ere zuen interesa pizteko modukoa egin dugu. Lehenengo lanean aipatzen da nola Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean Anatorama izeneko aplikazio digital berri bat garatu duten lehenengo aldiz ikasleei Anatomia-arloko edukiak errazago ulertzen eta ikasten laguntzeko. Aplikazio horri esker anatomia hiru dimentsiotan azter daiteke eta disekzioak adinako baliagarritasuna eduki dezake.
Beste artikuluan, Iktusa, aro berri bat liburu argitaratu berriaren informazioa jaso da egileen eskutik.
Eskura duzu artikulu interesgarriz osatutako OSAGAIZ aldizkariaren zenbaki berri bat. Bide batez ez nuke agurtu nahi, hurrengo urtea ona izan dezazula opatu gabe, aldizkariarentzat ere hala izan dadila.
Jose Ramon Furundarena