Editorial
PDF (Euskara)

Keywords

Editorial

How to Cite

Furundarena, J. R. (2024). Editorial. Osagaiz: Osasun-Zientzien Aldizkaria, 8(1), 5–6. Retrieved from https://aldizkariak.ueu.eus/index.php/osagaiz/article/view/5052

Abstract

OSAGAIZ aldizkariak 2023ko azaroan sistemaren bertsioa aldatu zuen eta orain domeinu berria dauka. UEUk gune batean bildu ditu bere kabuz edo elkarlanean argitaratzen dituen aldizkari guztiak eta gune horretan egongo da OSAGAIZ aldizkaria ere. Erabiltzaileak ez du pasahitza aldatu beharrik izango, baina konturatuko da nabigazio-modua aldatu egin dela eta aldaketetara ohitu beharko du. Denok espero dugu berrikuntza hauek onuragarriak izatea.

Ale berrian artikulu interesgarriak jaso ditugu. Horietako batek aztertu du ea emakumeen hilekoaren zikloak zer eragin daukan ultradistantziako korrikalarien kirol-errendimenduan. Alde batetik, literatura medikoaren berrikuspen bat egin dute eta, beste alde batetik, “Ehunmilak” lasterketan parte hartu zuten emakumeei bidalitako galdetegi baten erantzunak aztertu dituzte. Orain arte argitaratu denaren arabera, ez dago kalitazteko ebidentzia zientifikorik emakumeen zikloek kirol-errendimenduan eragiten dutela esateko, izatekotan ere eragin hori oso subjektiboa da. Aldiz, galdetegietan jasotako erantzunen arabera, emakumeen erdiek erantzun zuten hilekoarekin daudenean beren errendimendua baxuagoa dela. Egileek uste dute ikerketa gehiago behar direla.

Beste artikulu baten gaia ezohikoa da. Gaixotasun kardiobaskularren hedapena hain zabala izanik, bihotzarentzako zenbait gailuren erabilera zabalduz doa, taupada-markagailuak direla edo bestelakoak direla. Heriotzaren ondoren gorpua erraustu behar den kasuetan, aurretik gailu horiek esplantatu egiten dira eta artikulu honetan aztertu dute ea gailu horiek berrerabiltzeko seguruak diren eta bidezkoa izan ote daitekeen herrialde behartsuetara bidaltzea. Bolivian egindako ikerketa batean ikusi zuten pazienteek aldeko jarrera agertu zutela eta terapia horietan espezialistak ziren medikuek ere alternatiba etiko eta seguru bezala ikusi zutela. Bihotzarentzako gailuak zituzten pazienteak ere prest zeuden beren gailuak dohaintzan emateko eta tanatorioetan prozedura ondo estandarizatuz gero gailu asko berrerabiltzeko moduan hartu daitezke. Egileek diote ikerketa eta protokoloak landu behar direla praktika hau segurua eta eraginkorra izan dadin.

Urdaileko minbiziarekin lotura dauka beste artikulu batek; gradu-amaierako lan batean aztertu dute gastrektomiak zer eragin eduki dezakeen urdaileko minbizi metastasikoen eboluzio klinikoan. Horretarako Gurutzetako Ospitalean hamar urteko epe batean urdaileko minbizi metastasiduna zuten 348 paziente aztertu ziren. Tratamenduaren barnean gastrektomia ere egin zitzaien pazienteen multzoak biziraupen hobeagoa agertu zuen 6 hilabetera, urtebetera eta bi urtera, gastrektomiarik gabe tratatu zirenekin konparatuta. Hala ere, egileak dio pazienteen kopuru handiagoak hartuko lituzketen ikerketa prospektiboerrandomizatuak beharko liratekeela gastrektomiaren onura baieztatzeko.

Farmaziako artikulu interesgarri bat ere jaso dugu aldizkariaren ale berrian. Bertan aztertu dute GIBa duten pazienteetan nolako interakzioak sortu daitezkeen farmako antirretrobiralen eta pertsona horiek hartzen ari diren beste farmakoen artean eta interakzio horiek eduki dezaketen arriskua. 100 pazienteren datuak aztertu dira eta ikusi da 68 kasutan GIBaren aurkako tratamenduaz aparte batez beste 3,3 farmako gehiago hartzen ari zirela. Farmako horietatik % 24,9k interakzioak eduki ditzakete eta interakzio horiek oso esanguratsuak izan daitezke % 68,4an. Beraz, egileek uste dute farmazialari batek paziente horien tratamendua balidatzeak interakzio horiek atzemateko balio dezakeela eta tratamenduaren segurtasuna handitu dezakeela.

Sarituak izan diren bi lan ere argitaratu ditugu ale honetan. Lehenik Gipuzkoako Medikuen Elkargoak gradu-amaierako lanak saritzeko antolatutako 2022. urteko Jose Begiristain Doktorearen saria jaso zuen lana ekarri dugu. Mesoteliomaperitonealmultikistiko onbera diagnostikatu zitzaion kasu bat aurkezten da. Diagnostiko hori ez da batere ohikoa eta lan honetan kasuaren informazioa biltzeaz gain literatura medikoan patologia horren diagnostikoaz eta tratamenduaz gaur arte argitaratu den informazioa jaso dute.

Bigarren lan sarituak osasun-arloko IKERGAZTE 2023 saria jaso zuen. Dementziaren eboluzioan eragin dezaketen faktore batzuetan modu eraginkorrean esku hartu daitekeela frogatu zuen FINGER metodologiak. CITA-Alzheimer eta UPV/EHUko QUALIKER taldeak elkarlanean burututako GOIZ ZAINDU ikerketa pilotuak erakutsi du FINGER metodologia gure inguruan ere aplika daitekeela. Horregatik proposatzen dute eskala handiagoko CITAGO-ON deituriko ikerketa egitea.

Lehenik nazioarteko aldizkari batean argitaratu zuten artikulu baten moldaketa bat ere ekarri dugu aldizkarira. Bertan arterioesklerosiaren garapena nola gertatzen den deskribatzen da, hasi endotelioaren aktibazioarekin, segi ateroma-plakaren eraketarekin eta plakaren apurtzearekin bukatzeko. Berrikuspen-artikuluaren bukaeran egileek gaixotasun horren tratamenduak aipatu dituzte.

Farmazialarien txokoari dagokionez, lehen artikuluan kimioterapiaren ondorioz ager daitezkeen anemiak eta neutropeniak eragindako infekzioak berrikusi dituzte eta nola tratatu behar diren azaldu digute. Beste alde batetik, ohikoa den bezala INFACetik azken hilabeteetan argitaratu dituzten lanen zerrenda bidali digute.

Bukatzeko uda ona izan dezazuela opa dizuet egile, ebaluatzaile eta irakurle guztiei.

Jose Ramon Furundarena Salsamendi.

 

 

 

PDF (Euskara)
Creative Commons License

This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.

Copyright (c) 2024 Jose Ramon Furundarena