Laburpena
Ehunetako benetako kaltearekin edo kalte potentzialarekin erlazionatutako esperientzia sentsorial eta emozional desatsegina da mina, eta sailka daiteke jatorriaren arabera (nozizeptiboa, neuropatikoa), larritasunaren arabera (arina, larria) zein iraupenaren arabera ere (akutua, kronikoa). Oro har, gaur egun mina tratatzeko merkaturatuta dauden farmakoak eraginkorrak dira, baina epe luzera erabiltzean arazoak ager daitezke. Adibidez, opiazeoak analgesiko indartsuak diren arren, kronikoki ematean haien eraginkortasuna txikitu daiteke eta eragin desiragaitzak agertu. Estatistikak dio populazioaren % 15ek min kronikoa jasaten duela. Min kronikoak norbanakoa ezindu dezake eta hura arintzea zaila gerta daiteke. Horregatik, mina tratatzeko estrategia eta itu berrien ikerketak beharrezkoak dira. Ikergai dagoen itu bat sistema kannabinoidea da. Barneko kannabinoideak giza gorputzak ekoizten dituen molekulak dira, zeinek kannabinoide-hartzaileei (CB) lotuz funtzio fisiologiko ugari erregulatzen dituzten, mina adibidez. Cannabis generoko landareetan aurki daitezkeen landare-kannabinoideek barneko sistema horren aktibazioaz baliatuz analgesia eragin dezakete. Zoritxarrez, horietako kannabinoide batzuk psikoaktiboak dira, minaren tratamendurako mugatzailea den ezaugarria. Horregatik, azken urteotan kannabinoide ez-psikoaktiboen gaineko ikerkuntzek bultzada handia jaso dute eta minaren tratamendurako kannabinoide psikoaktibo eta ezpsikoaktiboen arteko nahasketak zenbait saio klinikotan probatu dira. Azkenik, eraginkortasun/segurtasun erlazioa hobetzeko asmoz, kannabinoide eta opiazeoen elkarketak ikertu izan dira, eragin analgesiko sinergikoa lortzeko eta dosi txikiagoak erabilita segurtasuna handitzeko. Beraz, kannabinoideen inguruko ikerkuntzak bide berriak zabaltzen ditu minaren tratamendurako estrategia farmakologiko hobeak bilatzeko.