Laburpena
Emakumeen Genitalen Mutilazioa (EGM) genero-desberdintasun eta diskriminazioan oinarritutako praktika kaltegarri bat da. Nazioartean emakume nahiz haur eta nerabeen giza-eskubideen urraketa larri gisa deskribatua dago. Globalizazioaren ondorioz, migrazio-fluxua areagotu ahala, gure ingurura praktika kultural anitzak iristen dira, bai denontzat ondasun direnak baita kaltegarriak ere. Hori horrela, osasun-profesionalen zeregina funtsezkoa da arriskuan egon daitezkeen haurrak garaiz antzeman eta babesteko orduan (1,2,3).
Lan honen helburua EGMa pairatzeko arriskuan egon zitezkeen bi jaioberriren identifikazio-prozesua eta EGMaren prebentziorako burututako jarduna deskribatzea da; osasun-profesionalen eta kanpo-eragileen arteko sare-lanaren garrantzia azpimarratuz eta genero-ikuspegiak eta kultur arteko sentsibilitateak familiekin egiten diren esku-hartzeetan duten ardura islatuz.
Bi kasuetan, arrisku-faktoreak garaiz identifikatu eta jakinarazi ziren emagin eta ginekologoen eskutik. Jarraian, ospitaleko pediatrek prebentzio-prozesuaren jarraikortasuna bermatzeko, gizarte-zerbitzuei nahiz lehen mailako pediatriei eman zieten egoeraren berri. Lehen mailako arretatik, pediatrek kultur arteko errespetuzko komunikazioa erabiliz, EGMaren ondorio sanitario, psikosozial eta legalei buruzko sentsibilizazioa, hezkuntza eta informazioa lantzeko elkarlana abiatu zuten familiekin. Lan horri esker, bi familiek sinatu zuten “Prebentziozko konpromisoaren” dokumentua. Dokumentu hori, jatorrizko herrialdetara doazenerako EGMa saihesteko funtsezko euskarri eta laguntza da familientzat.
Emaitzek argi islatzen dute profesionalen jarrera proaktiboa, esku-hartze goiztiarra, diziplina anitzen arteko koordinazioa eta kultur arteko nahiz genero-ikuspegia ezinbestekoak direla EGMa saihesteko. Era berean, agerian uzten da lehen mailako arreta funtsezkoa dela konfiantza-harremanak sortzeko, arriskuak hautemateko eta familiei laguntzeko; “Prebentziozko konpromisoaren” dokumentua tresna gakoa izanik (1,4).

This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.
Copyright (c) 2026 June Gutierrez Marrodan, Enara Legarda Erenorivera, Ainhoa Zabaleta Rueda, Rosa Casquete Sánchez, Claudia Pello Menendez
