Laburpena
Sarrera. “Poppers” sintetikoki prestatutako alkil nitrito lurrunkorren izen arrunta da. Jatorrian, amil nitritoa basozabaltzailea zela ikusi eta bularreko anginarako erabili zen medikuntzan, hautsitakoan “pop” soinua egiten zuten anpulu moduan (hortik izena). Baina bere ekintza iragankorragatik eta dosifikazio zailagatik klinikan erabiltzeari utzi zitzaion. Hala ere, beste alor batzuetan kontsumoa zabaldu egin zen, batez ere, sexu-esparruan dituen eraginengatik, hala nola desira handitu eta esfinterrak erlaxatu. Gaur egun “poppers”-a aisialdian erabilia da, horrek osasunerako ekar ditzakeen kalteekin, batez ere beste droga batzuekin elkartzean.
Helburuak. Gaur egun 14-24 urte bitarteko gazteek egiten duten “poppers” drogaren kontsumoaren patroi deskriptiboak lortzea izan da helburua. Zehazki, prebalentzia, maiztasuna, kontsumo-ohiturak eta drogaren eskaintza aztertu dira. Horrekin batera, “poppers” berak eta bestelako drogek sor ditzaketen arazoen inguruan gazteek duten pertzepzioa eta droga ilegalen arazoari aurre egiteko ekintzen garrantziari buruzko iritzia ezagutzea ere bilatu izan da. Ikerketa Urola Kostako eskualdera mugatu da, kasu-ikerketa modura.
Material eta metodoak. Online galdetegi bat formulatu da maila nazionalean egiten den alkoholaren eta drogen inguruko erreferentziazko galdetegi bat erabiliz (EDADES, Encuesta sobre Alcohol y Drogas en España). Galdetegia adin horretako gazteen artean zabaldu da Whatsapp aplikazioaren bidez, eta baita ikasketa-zentroen bidez ere (ikastetxeak, institutuak, lanbide-heziketakoak eta gizarteratzeko ibilbide pertsonalizatukoak). Galdetegia 2024ko otsaila eta apirila bitartean egon zen irekita eta erantzunak guztiz anonimoak izan dira.
Emaitzak. Galdetegia Urola Kostako 245 pertsonak erantzun dute, baina horietatik 5 baztertuak izan dira ezarritako adin-tartetik kanpo zeudelako. 14-24 urteko gazteen artean “poppers”-a behin edo behin kontsumitu dutenak % 21 dira. Estatu-mailan egindako ikerketekin konparatuta kontsumo-maila oso altua da hemen lortutakoa, 10 aldiz inguru handiagoa alegia. Droga honen kontsumoa oso gaztetatik hasten da (gehiengoak, 17 urte) eta batez ere, festa-giroan erabilia da, larunbatetan. Bestetik, alkoholaren eta “poppers”-aren kontsumoaren nahasketa oso ohikoa da, horrek eragin dezakeen elkarrekintzarekin, hipotentsio bizia eta sinkopea sortuz. Hortaz, polikontsumoaren arriskuari buruzko informazioa gazteei modu ulergarri eta grafiko batean helaraztea premiazkoa izango litzateke. Azkenik, nahiz eta gazteek gaur egungo prebentziorako informazioa zabaltzeko moduak ontzat hartu, badirudi testigantza errealen kontaketa ere garrantzitsua izango litzatekeela.
Ondorioak. “Poppers” drogaren kontsumo oso altua ikusi da Urola Kostako gazteen artean. Gainera, alkoholaren eta “poppers”-aren kontsumoaren nahasketa oso ohikoa da. Hortaz, beharrezkoa da gazteei informazio baliagarria zabaltzea “poppers”-aren inguruan eta haren kontsumoak eragin ditzakeen kalteak adieraztea, batez ere, polikontsumoaren inguruan. Hala ere, lagin-tamaina txikia eta mugatua dela eta, gehiago ikertu beharko litzateke kontsumoaren benetako tasa zein den jakiteko eta emaitza horiek populazio handiagoetara estrapolatu ahal izateko.

This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.
Copyright (c) 2025 Amaia Maite Erdozain

