Tuberkulosiaren intzidentzia eta desparekotasun soziala Gipuzkoan, 2010-2017 denboraldian
PDF

Supplementary Files

Izengabea

Gako-hitzak

Tuberkulosia
gabezia-maila
intzidentzia
Gipuzkoa

Aipuak nola egin

Soraluce Olañeta, A., Imaz Goienetxea, L., Anabitarte Riol, A., Álvarez Guerrico, L., Sancho Martínez, R., Bikuña Ugarte, E., & Basterrechea Irurzun, M. (2019). Tuberkulosiaren intzidentzia eta desparekotasun soziala Gipuzkoan, 2010-2017 denboraldian. Osagaiz: Osasun-Zientzien Aldizkaria, 3(2). https://doi.org/10.26876/osagaiz.2.2019.265

Laburpena

Gauza jakina da gizarte-faktore desberdinek zenbait gaixotasunen intzidentzia eta eboluzioa baldintzatzen dutela, mundu-mailan zein EAEn. Lan honen helburu nagusia Gipuzkoan 2010-2017 denboraldian maila sozioekonomikoaren eta betidanik pobreziarekin erlazionatutako gaitz baten arteko lotura aztertzea izan da; alegia, gabezia-mailaren eta tuberkulosiaren arteko harremana ikertzea. Bigarren helburua 2003-2017 urteetan zehar gaixotasun horren eboluzioa deskribatzea izan da. Maila sozioekonomikoa analizatzeko, paziente bakoitzari modu ekologikoan esleitutako gabezia-indizea erabili da, diagnostiko aldian bizi ziren errolda-sekzioko informazioaz baliatuta. Intzidentzien kalkulurako, 2011ko erroldatik lortu da biztanle kopurua, sekzio bakoitzeko eta adinaren zein sexuaren arabera, eta urte bereko EAEko populazioa erabilita estandarizazioa egin da. Biriketako lokalizazioa zuten kasuetan, maila sozioekonomikoa diagnostikoaren atzerapenarekin eta tratamendua betetzearekin elkarturik ote dagoen ere ikertu da. Horretarako hainbat analisi estatistiko erabili dira, SPSS programaz baliatuz. Lortutako emaitzei so eginez, Gipuzkoan tuberkulosiaren intzidentzia ekologikoki esleitutako gabezia-mailarekin elkarturik dagoela ondoriozta daiteke. Izan ere, maila sozioekonomiko baxuenean kokatzen diren pertsonek maila altuenean daudenek baino tuberkulosia izateko arrisku handiagoa dutela ikusi da; arriskuaren igoera estatistikoki esangarria izanik gizonetan (tasa estandarizatuaren arrazoia: 2,15, konfiantza-tartea: 1,51-3,07). Hala ere, azken 15 urteetan maila sozioekonomikoen arteko desberdintasunak murriztu direla ikus daiteke. Osasun-arretari dagokionez, ez da maila sozioekonomikoaren eta diagnostikoaren atzerapenaren arteko erlaziorik aurkitu; bai, ordea, tratamendua betetzearekin, gabezia-maila baxuetan tratamendua betetzeko probabilitatea txikiagoa izanik.

https://doi.org/10.26876/osagaiz.2.2019.265
PDF