Laburpena
Kutsadura atmosferikoak tiroidean eragiten du, azken urteotako ikerketak agerian uzten ari direnez. Lan honetan aztertu nahi izan dugu jaioberriaren orpoko odolean neurtutako T4 hormona tiroideo totalean zer eragin ote duten jaio aurretiko 2.5 µm-ko edo gutxiagoko diametroko partikulekiko (PM2.5) zein aireko nitrogeno dioxidoarekiko (NO2) esposizioek. Aztertutako lagina Gipuzkoako INMA ikerketatik atera dugu. Elkarrekintza estimatzeko eredu lineal multibarianteak erabili ditugu. Zenbat eta handiagoa PM2.5 eta NO2-arekiko esposizioa, hainbat eta T4-maila altuagoa; emaitza estatistikoki esanguratsua (β= 0,15, %95KT9: 0,02; 0,27, p=0,019) izan da partikulen kasuan eta esangura estatistikotik gertu (β= 0,04, %95KT=:-0,01; 0,09, p=0,099) egon da nitrogeno dioxidoaren kasuan.