Laburpena
Depresio nagusia asaldura neuropsikiatriko ohikoenen artean dago. Gaixotasun mental honen etiologia eta oinarri fisiopatologikoak azaltzeko hainbat teoria proposatu dira, hala nola teoría monoaminergikoa edo neurotrofikoa. Hala ere, oinarri neurobiologikoak oraindik ez dira ezagutzen, sistema ezberdinen parte-hartzea izanik proposatzen dena.
Depresioan hanturaren eta funtzio neuralaren arteko elkarrekintza dagoela frogatzen duten entsegu prekliniko eta klinikoetako emaitzak gero eta pisu handiagoa hartzen ari dira, teoría neuroinflamatorioa indartuz. Horrek proposatzen du depresioan sistema ezberdinetan asaldurak gertatuko liratekeela: ardatz hipotalamiko-hipofisiario-adrenalaren (HPA) hiperaktibazioa (igotako glukokortikoide-mailak eraginez) bai eta sistema immunearen hiperaktibazioa ere, periferiako eta nerbio-sistema zentraleko (NSZ) hanturaren markatzaileen, hau da, zitokina proinflamatorioen mailak handituz. Gainera, depresiodun pazienteetan aurkitu diren periferiako gehiegizko zitokinak garunera igarotzeko gai direla eta depresioan ezagunak diren bide fisiopatologiko gehienei eragiten dietela deskribatu da. Horien artean neurotransmisoreen metabolismoa, funtzio neuroendokrinoa eta plastikotasun edo moldatze neurala daude. Hain zuzen ere, garuneko hanturaren aktibazioak depresioan gertatzen diren asaldura fisiopatologikoen antzeko moldaketak eragiten ditu, faktore neurotrofikoen gutxipena, eszitotoxikotasuna eta horren ondorio den estres oxidatiboa, adibidez. Areagotutako zitokinen kalte kronikoak iraupen luzeko aldaketak dakartza garunaren anatomian eta funtzionamenduan, eta kalteok umorean, kognizioan edo portaeran eragin zuzena izango dute.
Hortaz, garunaren endekapen hau sintoma depresiboekin lotzea funtsezkoa da tratamendua aukeratzeko orduan. Izan ere, gaixotasun inflamatorioak dituzten pazienteetan lortutako emaitzen arabera, zitokina proinflamatorioak inhibitzeak gaixoek pairatzen dituzten sintoma depresiboak hobetzen eta pazientearen ohiko tratamendu antidepresiboaren erantzuna hobetzen lagundu dezake. Beraz, garunean gertatzen den hantura eta sistema immunea itu dituzten tratamenduak garatzea aukera bat izan daiteke hantura duten depresiodun pazienteen sintomatologia hobetzeko.