Laburpena
OSAGAIZ aldizkariaren 2025eko bigarren ale arrunta lan interesgarriekin osatu eta zuen esku jarri dugu.
Lehen artikuluan aho suminduaren sindromean klonazepamak duen eraginkortasuna aztertu dute. Aho suminduaren sindromean aho-barrunbeko sumindura sentitzen da egunero modu kronikoan eta miaketan ez da sintomen arrazoia izan daitekeen lesiorik aurkitzen. Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Odontologiako arlotik aurkeztu duten lan honetan berrikuspen bibliografiko baten bidez ikusi dute klonazepama eraginkorra dela sindrome horren tratamendurako, baina ikerketa gehiago behar direla farmakoaren dosia zehazteko eta tratamenduaren iraupen gomendagarria jakiteko.
Bigarren artikulua Gernikako Osasun Zentrotik aurkeztu dute. Gizonezko bat arnas aparatuko sintomengatik artatzen dute eta hasieran pneumonia infekziosoaren diagnostikoagatik antibiotikoekin tratatzen da. Handik hilabetera sendatzen ez zela ikusita TAK bat egin zitzaion eta pneumonia antolatu kriptogenikoa diagnostikatu zitzaion. Kasu horretatik abiatuta egileek patologia honen berrikuspen labur bat egin dute. Kasu gehienak 50-60 urteko adinarekin agertzen dira, tabakoak ez du arriskua handitzen eta kortikoideak dira lehen aukerako tratamendua.
Hasieran bularreko anginarako erabili zen alkil nitrito lurrunkorren taldeko basodilatatzaile bati ematen zaion izen arrunta da “Poppers”. Gazteen artean aisialdian eta arlo sexualean dituen eraginengatik erabili ohi da. Gipuzkoako Urola-Kosta eskualdean droga horren kontsumoari buruzko datuak jasotzeko galdetegi bat banatu zen Whatsapp aplikazioaren bidez eta bertako ikasketa-zentroen bidez. Argitaratu dugun artikuluan ikus daitekeenez jasotako erantzunak mugatuak izan dira eta zenbait herritatik oso erantzun gutxi jaso dira, baina datuek iradokitzen dute gazteek uste baino gehiago kontsumitzen dutela, adin goiztiarretan hasten direla eta batez ere aste-bukaerako aisialdian hartzen dutela. Egileek hausnarketa bat egiten dute gazteen artean droga honen eta beste batzuen kontsumoaren prebentzioa modu eraginkorrean lantzeko aukeren inguruan.
Hurrengo artikuluan obesitatea tratatzeko erabiltzen diren GLP-1aren analogoek osasun mentalean eduki ditzaketen eraginei buruzko azterketa bibliografiko bat aurkezten digute. Aztertu dituzten artikulu gehienetan depresioaren eta suizidio-arriskuaren murrizketa bat aurkitu dute eta epe luzera ez da abstinentzia-arazorik edo errebotezko efektu psikiatrikorik izaten. Hala ere, badira zenbait artikulu bestelako emaitzak argitaratu dituztenak eta horregatik egileek gomendatzen dute horrelako botikak hartzen dituzten pazienteen banakako jarraipen zehatza egitea eta suizidiorako alerta-zeinuak monitorizatzea.
Garuneko bentrikuluetan kanpoko drainatzeak jartzearen ondorioz bentrikulitis infekziosoak sor daitezke. Donostia Unibertsitate Ospitaleko ZIUan izan diren konplikazio horren inguruko datuak bildu dituzte ale honetan argitaratu dugun artikulu batean. Aztertu dituzten kasuen gehiengo handi batek drainatzea jarria zeukan garuneko odoljario batengatik. Infekzioaren eragile ohikoena Staphylococcus epidermidis izan zen. Ez zen heriotzarik izan. Argitaratutako literaturaren azterketa ere egin zuten eta ikusi zuten beste lanetan aipatzen den intzidentziaren antzekoa izan dutela eta drainatzea 7 egun baino gehiagoz ezarrita daukaten kasuetan infekzio-arriskua handitu egiten dela.
Hurrengo artikuluan berrikuspen bibliografiko bat eginez egileek ondorioztatu dute haurtzaroan eta nerabezaroan gainpisua edo obesitatea izateak bullyinga jasateko arriskua handitzen duela. Horrekin batera alderantzizko norabideko azterketa ere egin dute kontuan hartuta bullyinga jasateak luzaroan iraun dezaketen eragin fisiko, psikologiko eta sozialak izan ditzakeela. Literaturan aurkitutakoaren arabera ikusi dute bullyingak obesitatea edo gainpisua izateko arriskua handitzen duela.
2025eko udaberrian Bilbon egin zen IKERGAZTE, ikertzaile gazteen biltzarrean osasun-arloan saritu zen lana irakur daiteke “Lan sarituak” sailean. Nafarroako CIMA Ikerketa Zentroan egindako lan honetan mieloma anizkoitzaren tratamendurako baliagarria izan daitekeen ikerketa bat aurkeztu zuten. Minbizi-zeluletan barneratzeko gai diren aptameroak identifikatu dituzte eta mielomaren garapenean eragina duten RNAk inhibi ditzaketen oligonukleotido batzuekin elkartuko dituzte.
Farmazialarien txokoan oraingoan alergiei buruzko artikulu interesgarri bat sartu dugu. Gaixotasun honen intzidentzia goraka doa Euskal Herrian eta inguruko herrialdeetan eta alergiak garrantzi handia hartzen ari dira. Egileek tratamenduen berrikuspen bat egin dute eta azpimarratu dute ingeniaritza genetikoari esker sendagai berriak lortzeko bideak ireki direla.
INFACetik bidali diguten ohiko laburpenean azkeneko hilabeteetan argitaratu dituzten artikuluen aipamen laburra ere irakur dezakezue.
“Dosi txikitan” atalean Arantzazu Lizartza Saizar medikuak idatzi duen lehen poema-liburua aurkezten dizuegu, “O negatiboa” izenburua darama eta bere jardun medikoan bizitutako esperientzietan oinarrituta idatzi ditu olerkiak.
Jose Ramon Furundarena Salsamendi

This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.
Copyright (c) 2026 Jose Ramon Furundarena
