Genero-ikuspegia aintzat hartzen duen Botere Judizial baterantz: bere integrazioa antolakuntza judizialean eta jurisdikzio-funtzioan
DOI:
https://doi.org/10.26876/ikergazte.v.02.06Gako-hitzak:
Botere Judiziala, berdintasuna materiala, jurisdikzio-funtzioa, antolaketa-judiziala, genero-ikuspegiaLaburpena
Azken hamarkadetan, berdintasun-printzipioaren esanahi juridikoak bilakaera garrantzitsua jasan du. XX. mendeko azken herenean garatu ziren Zuzenbidearen teoria feministen marko teorikoa ardatz izanik, Nazio Batuen Emakumeei buruzko IV. Konferentzian (Pekin, 1995) sexuen arteko berdintasun materiala lortzeko funtsezko kontzeptua gorpuztu zen: genero-mainstream deritzona. Harrezkero, emakumeen aurkako bereizkeria fenomeno sistemikoa edo egiturazkoa zela ulertu zen, eta ondorioz, haren aurkako borrokak Botere Publikoei betebehar garbia esleitu zien: genero-ikuspegia ordenamendu-juridiko guztian zehar txertatzea. Hori horrela, lan honek genero-mainstream edo genero-ikuspegiaren zeharkakotasunaren printzipioa Espainiako Botere Judizialean nola txertatu den ikertzea du xede. Zehazki, bere txertaketa zuzenbide prozesalaren ikuspegi organikotik eta materialetik aztertuko da, hau da, antolakuntza edo egitura judizialean eta jurisdikzio-funtzioan zein modutan integratu den ikertuko da. Azterketa horrek funtsezko bi helburu izango ditu: batetik, antolakuntza-judiziala berregituratzea diseinu parekideagoa lortzeko, eta bestetik, genero-epaitza metodologia-juridiko gisa jurisdikzio-ordena guztietan finkatzea. Bi helburu horiek, aitzitik, ortzi-muga bera dute: Espainiako hirugarren Botereak emakume eta gizonen berdintasun eraginkorra bermatzea.
Lizentzia
Copyright (c) 2023 IkerGazte. Nazioarteko ikerketa euskaraz

This work is licensed under a Creative Commons Attribution-ShareAlike 4.0 International License.
