Hauskortasun Multidimentsionalaren Eskala (HME): euskarazko bertsioaren ezaugarri psikometrikoak
.PDF

Gako-hitzak

hauskortasuna
baliozkotasuna
ezaugarri psikometrikoak
adineko pertsonak
testen eraikuntza

Aipuak nola egin

Lameirinhas, J., Gorostiaga, A., Etxeberria, I., & Aliri, J. (2026). Hauskortasun Multidimentsionalaren Eskala (HME): euskarazko bertsioaren ezaugarri psikometrikoak. Osagaiz: Osasun-Zientzien Aldizkaria, 10(1). https://doi.org/10.26876/osagaiz.1.2026.6112

Laburpena

Hauskortasuna kanpo- zein barne-faktore estresagarriekiko zaurgarritasun-egoera gisa definitzen da eta osasun-ondorio kaltegarrien aurresale indartsua da. Hauskortasuna ikuspegi multidimentsional batetik ebaluatzeko zenbait tresna eraiki badira ere, orokorrean, ez dute ezaugarri psikometriko egokirik agertu edo/eta ez dituzte konstruktuaren bueltan proposaturiko dimentsio teoriko guztiak aintzat hartu. Gainera, gaur egun ez dago hauskortasuna ebaluatzeko euskaraz baliozkoturiko tresnarik. Gabezia horiei erantzuna eman nahian, ikerlan honen helburua zen Hauskortasun Multidimentsionalaren Eskala (HME) eraikitzea eta baliozkotzea, adineko pertsona euskaldunengan hauskortasun-egoera orokorra eta haren dimentsio fisikoa, kognitiboa, afektiboa, soziala eta ingurumenekoa euskaraz ebaluatzeko aukera ematen duena. Lagina Hego Euskal Herriko 201 adinekok osatu zuten, 65 eta 96 urte artekoak. Lehenengo, HMEren behin-behineko 51 itemetatik abiatuz, 29 itemeko behin betiko bertsioa eratu zen, zuzendutako item-dimentsio korrelazioetan eta estandarizatutako karga faktorialetan oinarrituta. Ondoren, azken bertsioaren ezaugarri psikometrikoak aztertu ziren: egitura faktoriala, barne-trinkotasuna, baliozkotasun konbergentea eta beste aldagaiekiko erlazioan oinarritutako baliozkotasuna. Emaitzek erakutsi zuten bost faktorez eta bigarren mailako faktore orokor batez osaturiko eredu faktorialak doikuntza-indize egokiak zituela, bai eta estandarizatutako karga faktorial egokiak ere. Ildo beretik, barne-trinkotasunaren indizeak onargarritasun-irizpidetik gorakoak izan ziren. Bestalde, efektuaren tamaina ertaineko eta handiko korrelazioak aurkitu ziren HMEren eta Tilburg-en Hauskortasun Adierazlearen faktore analogoen artean. Azkenik, hauskortasunak efektuaren tamaina ertaineko eta handiko korrelazioak agertu zituen adinarekin, bakardadearekin, bizitzarekiko gogobetetasunarekin eta eguneroko bizitzako jarduerak egiteko independentzia-mailarekin. Emaitzek iradokitzen dute HME tresna fidagarria eta baliozkoa dela hauskortasun multidimentsionala ebaluatzeko adineko pertsona euskaldunengan, eta bereziki erabilgarria izan daiteke bai praktika klinikoan, bai ikerkuntzan.

https://doi.org/10.26876/osagaiz.1.2026.6112
.PDF
Creative Commons License

This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.

Copyright (c) 2026 Joanes Lameirinhas, Arantxa Gorostiaga, Igone Etxeberria, Jone Aliri