Sarrera
.pdf

Gako-hitzak

.

Aipuak nola egin

Garmendia Zabaleta, O., Serrano Pejenaute, I., & Lejarzegi Anakabe, E. (2025). Sarrera. Osagaiz: Osasun-Zientzien Aldizkaria, 9(1). Berreskuratua -(e)tik https://aldizkariak.ueu.eus/index.php/osagaiz/article/view/6030

Laburpena

Pediatria Topaketak urtero egiten den jardunaldia da. Aurtengoa XVII. edizioa izan da eta Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) Eirbarko egoitzan ospatu zen, Markeskoa jauregian, 2025ko apirilaren 3an. Pediatriaren arloan euskara hutsez egiten den jardunaldi bakanetakoa da. Hortaz, jardunaldiaren helburu nagusia pediatriaren arloko ikerketa, eguneratze eta jakintzaren zabalkundea euskaraz egitea baimenduko duten espazioak sortzea da. Era berean, topaketa honek pediatra eta pediatriako erizain euskaldunen arteko ezagutza erraztu eta ikerketa zein komunikazio-sareak sortzeko aukera paregabea eskaintzen du. Izan ere, medikuntza etengabe eraberritzen ari den alorra da. Aurrerakuntza eta hobekuntzen motor nagusia ikerketa da, eta pediatria ez da salbuespena. Hala ere, maiz profesional bakoitzak bere aldetik egiten du lan eta era horretan zailagoa da emaitza esanguratsuak lortzea. Hortaz, benetako balioa duen ikerketa egiteko taldeak eta sareak sortu behar dira. Jardunaldia pediatriaren arloko osasun-profesionalei zuzenduta dago; batez ere, pediatriako medikuei eta pediatriaren arloan lan egiten duten erizainei. Hala ere, osasun-arloan hainbat espezialistek artatzen dituzte ume eta nerabeak, hala nola, familia-medikuek, odontologoek, osasun mentaleko profesionalek... horiei ere zabalik dago jardunaldi hau. Hartara, eguneroko lanean haurrak artatzen dituzten hainbat arlotako osasun-profesionalen ikuspegi anitza elkarbanatzea ahalbidetzen baita. Urtero legez, jardunaldiak Euskal Herriko Lehen Mailako Pediatria (EHLMPE) eta Euskal Herriko Pediatria (EHPE) elkarteen babesa jaso du. Bigarren urtez, OEE-Osasuna Euskalduntzeko Elkartearekin eta UEUrekin elkarlanean aritu gara jardunaldia antolatzeko. Aurten, lehenegoz, erakunde babesle eta laguntzaileen ordezkariak izan genituen jardunaldiaren irekieran, beraien lana azaldu eta Pediatria Topaketekin elkarlana aurkezteko; Jone Amansorrain Urrutia EHPEtik, Irati Iciar Madinabeitia UEUtik eta Ainhoa Zabaleta Rueda, Nerea Trebolazabala Quiranteren izenean EHLMPEtik. Ondoren, osasun-arloan ardura handikoak diren bi gai jorratu ziren. Alde batetik, Telmo Lazkano Mugak (Irakaslea eta teknologia berrien eta pantailen arloan aditutako hezitzailea) teknologia berrien eta nerabeen osasun mentalaren inguruan hitz egin zuen. Badakigu teknologia berriek eragin handia dutela osasunaren hainbat arlotan, garapen neurologikoan, obesitatean… baina, oraingoan osasun mentalean eta pertsonen arteko harremanean jarri zen fokua.
Beste alde batetik, osasunaren determinante komertzialen garrantzia eta eragina aurkeztu zuen Maria Unsainek (Hernaniko osasun zentroko pediatra). Helburua farmazia eta elikagaien industriak osasun-profesionalen eguneroko jardunean duten eraginaren gainean hausnarketa sustatzea zelarik. Gero, bertaratutako pediatrek zein erizainek beren lan eta ikerketak aurkezteko aukera izan zuten. Aurten ere, orain arteko edizioetan bezala, lankideen erantzuna oso ona izan zen. Zazpi ahozko komunikazio jaso genituen eta lanen kalitatea handia izan zen. Aurkezpenen ostean bertaratutako profesionalen artean galdera-erantzun eta eztabaidarako tartea izan genuen eta mahai-inguru interesgarriak sortu ziren. OSAGAIZ aldizkariak aurreko urtetik eskeinitako aukera baliatuz, Eibarren aurkeztutako hitzaldi eta komunikazioen bilduma txiki bat argitaratu nahi izan dugu, gerora ere egindako lanak eskura izan ditzagun. Hurrengo urteetara begira ere, Topaketak osasun-arloan euskararen erabilera hauspotzeko tresna baliagarria izan daitezkeela uste dugu, maila asistentzialean zein akademikoan. Beraz, interesa duen oro animatu nahi genuke hurrengo jardunaldietan parte hartzera. Izan ere, osasungintzak unibertsala izan behar duen honetan, euskaratik eta euskaldunentzat egitea ezinbestekoa zaigu, eta horretan guztiok dugu zer esan eta zer egin.

 

XVI. Pediatria Topaketen talde antolatzailea:
Oihane Garmendia Zabaleta
Idoia Serrano Pejenaute
Elene Lejarzegi Anakabe

.pdf
Creative Commons License

This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.

Copyright (c) 2025 Oihane Garmendia Zabaleta, Idoia Serrano Pejenaute, Elene Lejarzegi Anakabe