Laburpena
Sarrera eta helburuak. Mycoplasma pneumoniaek sortutako infekzio-epidemiak 3-7 urterik behin errepikatu ohi dira. Azken hilabeteetan, mundu mailan bakterio honengatiko infekzioen gorakada antzeman da, eta hala ohartarazi du Munduko Osasun Erakundeak (MOE). Gure inguruan ere igoera egon denaren pertzepziotik abiatuta, ikerketa honen helburua Goierri-Urola Garaiko Erakunde Sanitario Integratuan (ESI) 2023-2024 urteen artean izandako Mycoplasma pneumoniaeren infekzio-kopurua eta horien maneiua aztertzea da.
Materiala eta metodoak. Goierri-Urola Garaiko ESIn 2023ko otsailetik 2024ko otsailera Mycoplasma pneumoniaeren serologia positiboa izan zuten haurren eta nerabeen (<14 urte) historia klinikoen berrikuspenean oinarritutako atzera begirako azterketa deskriptiboa. Aldagai epidemiologiko, kliniko-analitiko eta terapeutikoak aztertu ziren.
Emaitzak. Ikerketa aldian 36 infekzio erregistratu ziren, hilabeteak aurrera joan ahala etengabeko igoerarekin. Laginaren %62 gizonezkoak ziren eta adinaren mediana 7,89 urtekoa izan zen. Sintomarik ohikoenak sukarra (%88,9) eta eztula (%86,1) izan ziren, eta kasuen %44,4an klinika astebete baino gehiago luzatu zen. Haurren eta nerabeen herenak birikaz kanpoko klinika izan zuen, ohikoena exantema zela (%11,1). Hala ere, bestelako sintomak ere agertu ziren: astenia, proteinuria nefrotikoa, tripako mina... Proba osagarriei dagokienez, birika-ekografia haurren %69,4ri eta toraxeko erradiografia %75ari egin zitzaien, eta patroi atipikoa %22an antzeman zen. Pazienteen %91,7k antibiotikoa eta herenak tratamendu bronkozabaltzailea jaso zuen. Haurren %52,7 ospitaleratuta egon zen, eta horien %63,2k arnas-euskarria behar izan zuen. Ez zen Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) ospitalizaziorik egon.
Ondorioak. Mycoplasma pneumoniaeren infekzio-kopurua nabarmen igo zen gure inguruan 2023 eta 2024 urteen artean. Hortaz, bibliografian deskribatutako ziklo epidemikoaren baitan egon gaitezkeela dirudi. Patogeno hau kontuan hartu beharrekoa da arnas-infekzioa luzatzen denean, baita birikaz kanpoko klinika agertzen denean ere.
This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.
Copyright (c) 2024 Nerea Unamuno Aguirregomezcorta, Elene Lejarzegi Anakabe, Idoia Serrano Pejenaute