Laburpena
Pediatriako kontsultan maiz ikusten dugun koadroa da sinkopea. Gehienetan eragin basobagalak sorturikoa izan ohi da, eta berez pasatzen da. Horien artean egoerako sinkopeak daude, ekintza zehatzak egiterakoan sortzen direnak; hala nola, eztul egitean, irenstean, pixa egitean edo ilea zaintzean. Ilea zaintzeagatiko sinkopea ilearen edozein manipulazioren ondoriozko hiperestimulazio bagalak eragiten du. Batez ere, neska aurrenerabe eta nerabeetan gertatzen da, baina mutiletan ere deskribatu izan da. Nahiz eta mekanismoa argi ez egon, badirudi trigeminoa edo buru-azala inerbatzen duten sustrai zerbikalen estimulazioaren ondorioz gertatzen dela. Horiek nerbio bagoaren hiperestimulazioa eta tonu sinpatikoa gutxitzea eragiten dute, eta, ondorioz, konortearen galera gertatzen da. Historia kliniko zehatza beharrezkoa da diagnostikorako, gertaeraren prezipitatzaileen identifikazioa, azterketa fisiko osoa eta elektrokardiograma barne. Tratamenduaren oinarria pazienteari eta familiari koadroaren onberatasunaren eta ezaugarrien berri ematea da, beharrezkoak ez diren probak eta deribazioak ez egiteko.
This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.
Copyright (c) 2024 Ane Zurutuza Bengoa