Sarrera
.pdf (Euskara)

Keywords

*

How to Cite

Garmendia Zabaleta, O., Serrano Pejenaute, I., & Lejarzegi Anakabe, E. (2026). Sarrera. Osagaiz: Osasun-Zientzien Aldizkaria, 10. Retrieved from https://aldizkariak.ueu.eus/index.php/osagaiz/article/view/6158

Abstract

Pediatria Topaketak urtero egiten den jardunaldia da. Aurtengoa XVIII. edizioa izan da eta Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan ospatu zen, 2026ko martxoaren 12an. Pediatriaren arloan euskara hutsez egiten den jardunaldi bakanetakoa da. Hortaz, jardunaldiaren helburu nagusia pediatriaren arloko ikerketa, eguneratze eta jakintzaren zabalkundea euskaraz egitea baimenduko duten espazioak sortzea da. Era berean, topaketa honek pediatra arloko profesional euskaldunen arteko ezagutza erraztu eta ikerketa- zein komunikazio-sareak sortzeko aukera paregabea eskaintzen du. Jardunaldia pediatriaren arloko osasun-profesionalei zuzenduta dago; batez ere, pediatriako medikuei eta pediatriaren arloan lan egiten duten erizainei. Baita osasun-arloan haur eta nerabeak artatzen dituzten familia-medikuei, odontologoei eta osasun mentaleko profesionalei ere zabalik dago jardunaldi hau. Hau da, eguneroko lanean haurrak artatzen dituzten hainbat arlotako osasun-profesionalen ikuspegi anitza elkarbanatzea ahalbidetzen baita. Urtero legez, jardunaldiak Euskal Herriko Lehen Mailako Pediatria (EHLMPE) eta Euskal Herriko Pediatria (EHPE) elkarteen babesa jaso du. Hirugarren urtez, OEE-Osasuna Euskalduntzeko Elkartearekin eta UEUrekin elkarlanean aritu gara jardunaldia antolatzeko. Jardunaldiaren irekieran erakunde babesle eta laguntzaileen ordezkariak izan genituen, beraien lana azaldu eta Pediatria Topaketekin elkarlana aurkezteko; Jone Amansorrain Urrutia EHPEtik eta Nerea Trebolazabala Quirante EHLMPEtik. Ondoren, pediatriako kontsultetan sarritan artatzen diren eta zalantza iturri izan daitezkeen gaiak landu ziren. Geroz eta maizago ikusten ditugu ahoarekin eta lengoaiarekin lotutako arazoak, hala nola, maloklusioak, mihi-frenulua, dislaliak eta hizkuntza-atzerapena. Formakuntza gehiago izatea beharrezkoa dugula uste dugu prebentzio-lanean aritzeko, diagnostiko goiztiarra egiteko eta familiak orientatzeko. Horretarako, alde batetik, Jon Ibarguren Osak (Zumarragako Osasun Zentroko Odontologoa) Odontopediatriako patologIa ohikoenak aurkeztu eta hauen maneiurako gida labur bat aurkeztu zuen. Ondoren, lengoaiaren asaldurak pediatriako kontsultetatik nola maneiatu argitzen laguntzeko Amaia Aierbe NeureCliniceko Neuropsikoloa izan genuen gurekin. Gero, bertaratutako pediatrek zein erizainek beren lan eta ikerketak aurkezteko aukera izan zuten. Aurten ere, orain arteko edizioetan bezala, lankideen erantzuna oso ona izan zen. Hamalau lan jaso genituen, horietatik zazpi ahozko komunikazio gisa aurkeztu ziren eta gainontzekoak poster eran egon ziren ikusgai jardunaldian zehar. Lanen kalitatea handia izan zen. Aurkezpenen ostean bertaratutako profesionalen artean galdera-erantzun eta eztabaidarako tartea izan genuen eta mahai-inguru interesgarriak sortu ziren. Osagaiz aldizkariak eskeinitako aukera baliatuz, Bilbon aurkeztutako hitzaldi eta komunikazioetan sakontzeko artikulu-bilduma txiki bat argitaratu nahi izan dugu, gerora ere egindako lanak eskura izan ditzagun. Hurrengo urteetara begira ere, Topaketak osasun-arloan euskararen erabilera hauspotzeko tresna baliagarria izan daitezkeela uste dugu, maila asistentzialean zein akademikoan. Beraz, interesa duen oro animatu nahi genuke hurrengo jardunaldietan parte hartzera. Izan ere, osasungintzak unibertsala izan behar duen honetan, euskaratik eta euskaldunentzat egitea ezinbestekoa zaigu, eta horretan guztiok dugu zer esan eta zer egin.

.pdf (Euskara)
Creative Commons License

This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.

Copyright (c) 2026 oihane Garmendia Zabaleta, Idoia Serrano Pejenaute, Elene Lejarzegi Anakabe