Abstract
Pediatria Topaketak urtero egiten den jardunaldia da. Aurtengoa XVI. edizioa izan da eta Iurretako Kultur Etxean ospatu zen 2024ko apirilaren 11n. Pediatriaren arloan euskara hutsez egiten den jardunaldi bakanetakoa da. Hortaz, jardunaldiaren helburu nagusia pediatriaren arloko ikerketa, eguneratze eta jakintzaren zabalkundea euskaraz egitea baimenduko duten espazioak sortzea da. Era berean, topaketa honek pediatra eta pediatriako erizain euskaldunen arteko ezagutza erraztu eta ikerketa zein komunikazio-sareak sortzeko aukera paregabea eskaintzen du.
Izan ere, medikuntza etengabe eraberritzen ari den alorra da. Aurrerakuntza eta hobekuntzen motor nagusia ikerketa da, eta pediatria ez da salbuespena. Hala ere, maiz profesional bakoitzak bere aldetik egiten du lan eta era horretan zailagoa da emaitza esanguratsuak lortzea. Hortaz, benetako balioa duen ikerketa egiteko taldeak eta sareak sortu behar dira. TOPAKETAK izenari zor, hori izan da jardunaldiaren aurtengo helburuetako bat: ikerketa-sareak sustatzea.
Jardunaldia pediatriaren arloko osasun-profesionalei zuzenduta dago; batez ere, pediatriako medikuei eta pediatriaren arloan lan egiten duten erizainei. Hala ere, osasun-arloan hainbat espezialistek artatzen dituzte ume eta nerabeak, hala nola, familia-medikuek, osasun mentaleko profesionalek… horiei ere zabalik dago jardunaldi hau. Hartara, eguneroko lanean haurrak artatzen dituzten hainbat arlotako osasun-profesionalen ikuspegi anitza elkarbanatzea ahalbidetzen baita.
Urtero legez, jardunaldiak Euskal Herriko Lehen Mailako Pediatria (EHLMPE) eta Euskal Herriko Pediatria (EHPE) elkarteen babesa jaso du. Aurten, Iurretako Udalaren laguntza jaso du eta, lehenbizikoz, OEE-Osasuna Euskalduntzeko Elkartearekin eta UEUrekin elkarlanean aritu gara jardunaldia antolatzeko.
Lehenik eta behin, gai desberdinetan adituak diren hiru medikuren hitzaldiak izan genituen. Hauetan, osasun mentaleko arazoak pediatriako lehen mailako arretan, genero-indarkeriaren eragina haurrengan eta pediatriaren arloko ikerketa jorratu ziren. Hizlariak Iñaki Kerexeta Lizeaga (Saralegiko Haur eta Nerabeen Osasun Mentaleko Zentroko psikiatra), Ainhoa Zabaleta Rueda (Pasai San Pedro Osasun Zentroko pediatra) eta Uxune Apalategi Gomez (Donostialdeko Lehen Mailako Arretako Ikerketa taldea) izan ziren, hurrenez hurren. Gero, elkarrekin aisialdi-tartea izan ostean, bertaratutako pediatrek zein erizainek beren lan eta ikerketak aurkezteko aukera izan zuten.
Orain arteko edizioetan bezala, lankideen erantzuna oso ona izan zen. Hamaika ahozko komunikazio jaso genituen eta lanen kalitatea handia izan zen. Aurkezpenen ostean bertaratutako profesionalen artean galdera-erantzun eta eztabaidarako tartea izan genuen eta mahai-inguru interesgarriak sortu ziren. OSAGAIZ aldizkariak emandako aukera baliatuz, Iurretan aurkeztutako hitzaldi eta komunikazioen bilduma txiki bat argitaratzea erabaki genuen, gerora ere egindako lanak eskura izan ditzagun. Horrez gain, lanen edizioan, UEUko Filosofia Sailarekin egindako elkarlana eta jasotako laguntza eskertzekoa da.
Hurrengo urteetara begira ere, Topaketak osasun-arloan euskararen erabilera hauspotzeko tresna baliagarria izan daitezkeela uste dugu, maila asistentzialean zein akademikoan. Beraz, interesa duen oro animatu nahi genuke hurrengo jardunaldietan parte hartzera. Izan ere, osasungintza euskalduna ardura handiko gaia da, eta horretan guztiok dugu zer esan eta zer egin.
XVI. Pediatria Topaketen talde antolatzailea:
Oihane Garmendia Zabaleta
Idoia Serrano Pejenaute
Elene Lejarzegi Anakabe
This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.
Copyright (c) 2024 Oihane Garmendia Zabaleta, Idoia Serrano Pejenaute, Elene Lejarzegi Anakabe