Editoriala
PDF (Euskara)

How to Cite

Furundarena, J. R. (2020). Editoriala. Osagaiz: Osasun-Zientzien Aldizkaria, 4(2). Retrieved from https://aldizkariak.ueu.eus/index.php/osagaiz/article/view/343

Abstract

2020. urtea COVID-19 gaixotasunak eragindako pandemia izugarriarengatik gogoratuko da. Eragin kaltegarriak luze-zabalean nozitu dira bizitzako arlo ia guztietan, osasunean, ekonomian, hezkuntzan, kulturan, giza harremanetan… Urte gehien duten pertsonen artean eta aurretik zenbait gaixotasun zituztenen artean sortu du heriotza gehien, baina adin guztietako gaixoak artatu behar izan dira lehen mailako zentroetan eta ospitaleetan. Mundu mailako erronka ikaragarria izaten ari da eta etorkizunean gure bizimoduak aldatuko dituela uste da. OSAGAIZ aldizkariaren ale honetan ere gaixotasun horrekin lotura duten lan batzuk irakurri ahal izango dituzue, baina bestelako gaiek pisu handiagoa izan dute.

Haurdunaldian eta edoskitzaroan agertzen diren aldaketa hormonalek eragina dute besteak beste bularrean. Bertan ager daitezkeen aldaketa fisiologikoez gain, gehienetan onbera izaten den patologia ere gara daiteke. Medikuarengana joateko arrazoi nagusia lesio ukigarri berri baten agerpena izaten da eta bular-ekografia izango da lehen aukerako teknika diagnostikoa. Zenbaki honetan aurkituko dugu irudi ugariz lagunduta teknika horren bidez diagnostika daitezkeen ohiko lesioen berrikuspena eta teknika horren bidez minbiziaren susmoa dagoenean teknika osagarriak erabiliko dira.

Gaixotasun psikiatrikoen artean depresioaren intzidentzia goraka doa. Tratamendu antidepresiboaren gaur egungo egoera eta etorkizuna aztertu dira beste artikulu batean. Azken urte hauetan etiopatogenian eragina daukaten mekanismoetan oinarritzen diren tratamenduen bilaketak bultzada jaso du. Monoaminooxidasaren inhibitzaileak, antidepresibo triziklikoak eta monoaminen birxurgapenaren inhibitzaileak bezalako antidepresibo klasikoak oraindik ere asko erabiltzen badira ere, ikerketa berrien ondoren ketaminak aldaketa esanguratsua ekarri du sintomen hobekuntzan segurtasun egoki batekin. Bestalde entseguak egiten ari dira psilozibina substantzia psikodelikoarekin lor daitezkeen hobekuntzak baieztatzeko.

Gizakion batez besteko biziraupena handitzen doan bezala, galera kognitiboa duten eta menpekotasunagatik egoitza ezberdinetan instituzionalizatzen diren pertsonen kopurua goraka doa. Argitaratzen dugun artikulu batean literatura medikoaren berrikuspen sistematiko bat egin ondoren ondorioztatu dute ariketa fisikoak efektu onuragarriak dituela adindu horien funtzio kognitiboan eta funtzio fisikoan, nahiz eta emaitzak aldakorrak diren funtzio kognitiboaren galera-mailaren arabera.

Iktusa jasan duten pertsonek funtzioen galera iraunkorra edo iragankorra izan dezakete eta askotan errehabilitazio-prozesu bat beharrezkoa izango dute. Artikulu batean paziente horien erizaintza-diagnostiko ohikoenen azterketa egin da hain garrantzitsua izango den erizainaren lana bideratzen laguntzeko.

Hagina edo taxus baccata zuhaitza ohikoa da gure artean eta orokorrean jendeak badaki toxikoa dela. Zenbaki honetan deskribatzen da suizidiorako asmoarekin haginaren hostoak irentsi zituen gizonezko baten kasua. Tratamendu azkar bati esker aurrera egin ahal izan zuen. Diagnostikoa ziurtatzeko beharrezkoa izan zen toxikologiako institutuan taxina izeneko gai pozoitsuaren metabolito bat atzematea.

Dosi txikitan atalean oraingoan COVID-19 gaixotasunak erasandako gaixo baten senideak familian bizitutako aste latzak laburtu dizkigu, kontaketa dramatiko eta hunkigarri batean, zorionez gaixoak sendatzea lortu zuen arte.

Farmaziari dagokion atalean bi artikulu aurkituko ditugu, alde batetik deskribatzen da zer erakundek erabakitzen duten finantzazio publikoa jasoko duten sendagaien zerrenda eta zer prezio izango duten. Beste alde batetik, azkeneko hilabeteetan argitaratu diren INFAC buletinen, medikamentu berrien fitxen eta i-botika informazio-orrien ohiko laburpena jaso da.

Itzulpenen eta moldaketen atalean Euskal Herrian diagnostikatutako Canavan gaixotasunaren lehen kasua deskribatzen da, egileak nazioarteko aldizkari batean aurretik egin bezala. Mutazio batek sortzen duen haurtzaroko eritasun neureodegeneratibo sendaezin arraro bat da eta litio zitratoak tratamendurako izan dezakeen balioa ikertzen ari dira.

Kritikoki aztertutako testuen atalean hiru lan argitaratu ditugu zenbaki honetan. Lehenengoan irakur dezakegunez, hesteetako malformazio arterio-benosoek eragindako hemorragia kroniko errefraktarioan eragin onuragarriak eduki ditzake talidomidak. Bigarrengoan diotenez, gernu-erretentzioan deskonpresio azkarra metodo segurua eta erosoa da. Hirugarrengoan aztertutako lanean frogatu dute COVID-19 gaixotasunean erabiltzen diren farmakoek ez dutela azkartzen PCR proba positibotik negatibora aldatzea.

Aldizkarian parte hartzen dugun guztion partetik datorren urtea hobea izatea opa dizuegu, koronabirusaren aurkako txertoen erabilerak pandemiaren kontrola ahalbidetuko digun esperantzan.

 

PDF (Euskara)