Editoriala

Egileak

  • Jose Ramon Furundarena Osakidetza

Laburpena

Juxtu hilabete honetan eztabaida sortu da komunikabideetan familia-medikuen urritasunak bultzatuta sortzen ari den egoeragatik eta gehiago udako hilabeteetara begira. OSAGAIZ aldizkariaren ale honetan argitaratu dugun ikerketa batean aztertu dute Gipuzkoako familia-mediku egoiliarrek izaten duten antsietate-maila. Galdetegi estandarizatuak erabiliz aurkitu dute egoiliarren erdiek antsietate-maila ertain-altuak dituztela. Sintoma fisiko eta kognitiboak guardia bitartean maiztasun handiagoarekin agertu dira eta emozionalak guardia ostean. Ikertzaileen ustez, ondoeza psikologikoa izan dezakeen arrisku-talde bat izan daiteke egoiliarrena eta ikerketa gehiagoren beharra azpimarratu dute.

Beste artikulu interesgarri batean literatura medikoaren azterketa egin dute ikusteko ea ariketa fisikoa eraginkorra izan daitekeen komunitatean bizi diren zaharrengan ager daitekeen sindrome depresiboa hobetzeko. Argitaratu diren kalitatezko artikulu gehienetan eraginkortasuna frogatua geratu da, baina oraindik ez dago ondo zehaztuta ariketa fisiko hori zer ariketaz osatua izan behar den eta zer maiztasun eta iraupen izan behar duen.

Ale honetako beste artikulu batean eskizofrenikoetan erabiltzen diren farmako antipsikotikoek ahoan izan ditzaketen eragin kaltegarriak aztertu dituzte. Horretarako Europa mailako farmakozaintzako datu-basean jasotako erreakzio kaltegarrien azterketa bat egin dute. Antipsikotiko tipikoen artean gehien inplikatutako farmakoa haloperidola izan zen, eta antipsikotiko atipikoen artean, berriz, klozapina. Gehien jaso ziren alboko ondorio kaltegarriak xerostomia, sialorrea eta ahoko diskinesia izan ziren, eta kontutan hartu behar da horiek txantxarrarekin, gaixotasun periodontalarekin eta higadurarekin lotura dutela.

Zenbait bakterio antibiotikoekiko garatzen ari diren erresistentziak kezka-iturri izaten jarraitzen du. Karbapenemak espektro zabaleko antibiotiko betalaktamikoak dira, bakterio erresistenteek eragindako infekzioak tratatzeko azken lerroan daudenak, polimixinekin batera. Ale honetan argitaratu dugun artikulu batean inguruko herrialdeetako zenbait datu-base aztertu dituzte karbapenem antibiotikoekiko garatzen ari diren erresistentziak eta inplikaturiko faktoreak ikertzeko. Erresistentzia horiek heriotza askoren eta gastu ekonomiko handien eragileak dira. Erresistentzia-tasak handitzen dituzten jokabide okerrak detektatzen eta aurka egiteko proposamen berriak egiten saiatu dira.

Pazientearen izaera elebiduna kontuan hartu behar da afasiaren azterketan eta kudeaketa klinikoan. Hizkuntza bakoitzean afasiak larritasun ezberdina izan dezake, eta logopedia-tratamendua hizkuntza bakarrean egiten baldin bada, hizkuntza ez-tratatuan eragin mugatua izan dezake. Aldizkariaren ale honetako artikulu batean, ESI Donostialdea Errehabilitazio Zerbitzuko profesionalek afasiadun hiztun elebidunekiko dituzten praktika klinikoen azterketa egin dute galdetegi baten bidez. Jasotako informazioaren arabera, azterketa eta tratamendua hizkuntza bakarrean bideratzen da. Parte hartu duten mediku gehienek uste dute afasiadun hiztun elebidunek jasotzen duten arreta klinikoa elebakarrena baino eskasagoa dela, logopedek ez dute uste hori. Ikertzaileek diotenez, ebidentzia zientifikoaren arabera hizkuntza bakarrean bideratutako afasiaren azterketa eta tratamenduak ez dauka inongo justifikaziorik. Arreta klinikoa erabiltzaileak hitz egiten dituen hizkuntza guztietan bermatu behar da, ahalik eta errekuperazio kognitibo eta funtzional altuena bermatzeko.

Entzefalopatia hipoxiko-iskemikoak jaioberriengan kalte neurologikoa eragin dezake, besteak beste, zelulen heriotza masiboagatik. Ale honetan argitaratu dugun azterketa batean animaliengan ikertu dute jaiotza-inguruko asfixiaren ondoren 2-arakidonoilglizerolak nitxo neurogenikoetan dituen efektuak.

Minbizia duten pazienteetan tratamenduak jartzeko dituzten abantailengatik periferikoki txertaturiko kateter zentralen erabilera (PICC) handituz joan da, baina kontutan hartu behar da zain-tronbosia agertzeko arriskua igotzen dutela. Gai honekin lotuta, Gipuzkoako Medikuen Elkargoko Fundazioak banatzen duen Begiristain saria irabazi zuen lana argitaratu dugu ale honetan. Bertan onkologia- eta hematologia-zerbitzuetako 1.024 pazienteren azterketa prospektibo baten emaitzak biltzen dira. PICCa erabili zuten paziente horienartean gehien diagnostikatu ziren minbiziak digestio-aparatukoak eta linfomak izan ziren. Pazienteen % 4,9k agertu zuten tronbosi benosoa, eta aztertu ziren arrisku-faktore posibleen artean ez zen esangura estatistikoa zuen bat bera ere agertu.

Kritikoki aztertutako bi lan ekarri ditugu oraingo alera. Lehenengo lanean aipatzen da plazeboarekin konparatuta bezlotoxumabek Clostridium Difficileren errekurrentzia-arriskua gutxitzen duela. Bigarren lanean diotenez, plazeboarekin konparatuta alfa-blokeatzaileek gernubideko harriak kanporatzea errazten dute.

Farmaziako atalean antibiotiko betalaktamikoekiko alergiari buruz idatzi dute artikulu batean. Antibiotiko horiek oso garrantzitsuak dira infekzio askoren tratamenduan eta pertsona batek dioenean haiekiko alergikoa dela komenigarria izaten da alergologoarekin batera aztertzea ea alergia hori benetakoa den ala ez, eta antibiotiko horien artean dauden antzekotasun kimikoak ezagutzea, behin informazio hori osatu ondoren erabaki egokienak hartu ahal izateko. Bestaldetik, ohikoa dugun eran, INFACetik jasotako azken hilabeteetako laburpena ere txertatu dugu.

 

Jose Ramon Furundarena Salsamendi

Downloads

Argitaratua

2022-07-29

How to Cite

Furundarena, J. R. (2022). Editoriala. Osagaiz: Osasun-Zientzien Aldizkaria, 6(1). Berreskuratua -(e)tik https://aldizkariak.ueu.eus/index.php/osagaiz/article/view/481

Zenbakia

Atala

Editoriala