Hitzaurrea
PDF (Euskara)

How to Cite

Zarate, J. (2018). Hitzaurrea. Osagaiz: Osasun-Zientzien Aldizkaria. https://doi.org/10.26876/uztaro.100+.2017.1

Abstract

Osasungintzak bere berezitasun eta konplexutasunak dauzka, eta pazientean oinarritutako osasun arreta normalizatua lortzeko, ezinbestekoak dira osasungintzaren esparru osoan lanean diharduten eragileen elkarlana eta sinergiak. Era berean, elkarlana proiektu eta ekintza zehatzetan gauzatu behar da. Osasun-arloan euskara lan-hizkuntza izateko oinarriez eztabaidatu behar da. Osasun-arreta espezializatuan euskara txertatzeko proiektuak garatu behar dira. Osasun arloko emaitzak ebaluatzeko, pazienteak hautemandako emaitzen neurketak (PHEN) euskaraz balioztatu behar dira. Nazioarteko elkarlanerako aukerak eta estandarrak etorkizuneko planetan kontuan izan behar dira. Unibertsitateak, diziplina anitzeko ikuspuntutik, prestakuntza, ikerketa eta bestelako egitasmoak garatu behar ditu. Barne Mediku Egoiliarretan oinarritzen den mediku espezialisten prestakuntzan euskara txertatu behar da. Eta horiek guztiak, eta aipatu gabe utzitako beste hainbat, garatu ahal izateko, garrantzi berezia eman behar zaio osasungintzako profesional euskaldunen sare indartsuago bat osatzeko planteatzen diren proposamenei.

2017ko jardunaldietan bezala, parte-hartzaileen kopuru handia izan da aurten ere: guztira 63 matrikulatu. Medikuak, erizainak, informatikariak, filologoak, soziologoak, itzultzaileak, zuzenbideko eta lan harremanen arloko adituak…, hainbat arlotako profesionalak bildu dira bi egunez.

Askotarikoak izan dira 2018ko jardunaldietan aztertu eta eztabaidatu diren gaiak. Adibidez, UPV/EHUtik abian jarri diren zenbait proiektu eta ikerketa aurkeztu dira :

-        Pazienteak Hautemandako Emaitzen Neurketak eremu elebidunetan.

-        Osasun-arreta espezializatuan euskara txertatzeko proiektua.

-        PHENen garapena euskaraz osasun mentalean.

-        “Aitzinatu”        programa:        Hizkuntza-gaitasun           aurreratuak        garatuz,       euskarazko irakaskuntzaren bikaintasuna sustatzeko programa.

Osakidetzaren, Osasunbidearen eta kontzertatuak zein pribatuak diren gainerako euskal osasun-sistemako eragileen eskutik honako gai hauek aurkeztu dira:

-          Osasun      alorrerako       prestaturiko        itzultzaile       automatikoak        garatzea,                euskaraz idatzitako testuak gai ez diren profesionalek ere uler ditzaten.

-          Euskara lan-hizkuntza Osakidetzan.

-          Euskararen erabilera eta presentzia handitzeko Osakidetzako praktika egokiak.

-          Osasunbidean pausuak emanez.

-          Osasungintzako profesional  euskaldunen  sarea,  Osagaiz  aldizkaria eredu  (UEUren ekarpena).

-          Nazioarteko elkarlanerako aukerak eta estandarrak etorkizuneko Planei begira.

-          Osakidetzako Euskararen erabilera normalizatzeko 2. Planerako neurri zuzentzaileak.

-          BAMEren euskarazko formakuntza.

Aurten ere nazioarteko saretzearen beharraz hitz egin da jardunaldietan, gai  horri leku berezia eman zaio Kanadako osasungintza frantsesez eskaintzeko erakundetik (Société Santé en français) helarazi diguten bideoaren emanaldiarekin.

2018ko ekitaldi honetan berrikuntzak sartu ditugu. Batetik, jardunaldietan ekarpenak egiteko #OsasunaHizkuntza traola erabili dugu eta traola horrekin etiketatutako txio guztiak jaso ditugu. Eta bestetik, posterrak aurkezteko aukera eman dugu. Guztira 12 poster aurkeztu dira, eta poster onena saritu da. Poster saritua “Afasia euskaraz ebaluatzeko tresna berria bidean: CATaren egokitzapena” izan da, Marie Pourquie eta Amaia Munarriz UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileek aurkeztutakoa.

Jardunaldietatik ateratako hainbat ondorio jaso ditugu. Horien artean nabarmendu nahi nuke indarrean eta eskura dagoen ebidentzia zientifikoan oinarrituriko eta, aldi berean, pazientean zentraturiko osasun arreta normalizatua lortzea dugula helburu. Espero dezagun etorkizunean, UPV/EHUko Osasuna eta hizkuntza udako ikastaroarekin abiatutako bideari jarraituz, osasungintzan euskarak presentzia eta erabilera handiagoa izan dezan, eta han- hor-hemen aurrera eraman diren praktika aurreratuen bilaketan eta ezarpenean lagungarri izatea.

 

 

 

 

 

 

 

https://doi.org/10.26876/uztaro.100+.2017.1
PDF (Euskara)