Author Guidelines
1. HELBURUAK ETA ESPARRUA
Osagaiz (ISSN) aldizkariaren artikuluen atalean osasun-zientziei buruzko zientzia-artikulu originalak argitaratuko dira. Osasunaren arlo guztietako artikuluak hartuko ditu: fisiopatologia, patologia, epidemiologia, diagnostikoa, pronostikoa, tratamendua, gestioa, prebentzioa, oinarrizko ikerketa, ikerketa klinikoa, eta abar. Aldizkaria formatu elektronikoan argitaratzen da: http://www.osagaiz.eus
ALDIZKARIAREN HELBURUA:
Osagaiz aldizkaria Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen (OEE) eta Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) elkarlanetik sortu da, osasun-zientziei buruzko artikulu zientifikoak argitaratzeko eta ikerketa-taldeen lanak ezagutzera emateko helburuarekin. Osasunarekin erlazionaturiko ikerkuntza mota guztiak hartuko ditu barne. Izan ere, aldizkariak osasun-arloko euskal komunitate zientifikoak eginiko aurkikuntza zientifikoen transferentzia-tresna izatea du xede. Bi zenbaki argitaratuko dira urtean (maiatzean eta azaroan). Osagaiz aldizkariak International Committee of Medical Journal Editors (ICMJE) batzordeak proposatutako gomendioei jarraitzen die: Recommendations for the Conduct, Reporting, Editing, and Publication of Scholarly Work in Medical Journals: http://www.icmje.org/recommendations
2. ATALAK
EDITORIALA: Atal hau erredakzio-taldeak idatziko du edo norbaiti eskatuko dio, beraz, gainerakoentzat itxita dago. Testuak gehienez 2.000 hitz eta gehienez 15 erreferentzia bibliografiko edukiko ditu, irudi edo taularik gabe, eta egile batek edo bik sinatutakoa.
JATORRIZKO ARTIKULUAK: Artikuluek honako atal hauek izan beharko dituzte: izenburua, egileak, laburpena eta gako-hitzak. Jarraian artikuluaren testua agertuko da eta amaitzeko erreferentzien atala egongo da. Testua zientzia-artikuluen ohiko atalez osatuta egotea gomendatzen da (sarrera eta helburuak, material eta metodoak, emaitzak, eztabaida eta ondorioak, eskerrak-oharrak), hala ere, egileen esku gelditzen da testua osatzen duten atalak aldatzeko aukera. Testuak gehienez 4.000 hitz, 5 irudi eta taula, eta 30 erreferentzia bibliografiko edukiko ditu. Egileen izen-abizenak osorik, afiliazioak eta harremanetarako pertsonaren helbideak jarriko dira (posta, telefonoa, posta elektronikoa… ). Artikuluaren laburpenak gehienez 250 hitz izango ditu eta 3-5 gako-hitz jarriko dira (egileak MeSH [Medical Subject Headings] sistema hartuko du jarraibide gisa: https://www.ncbi.nlm.nih.gov/mesh Egileak bidali behar ditu ingelesez: izenburua, laburpena eta gako-hitzak. Argitaratu nahi den azterlanaren arabera, egileek honako gomendio hauei jarraitu behar diete: Saiakuntza kliniko kontrolatua: kontsultatu CONSORT (Consolidated Standards of Reporting Trials) http://www.consort-statement.org Luzetarako behaketa-estudioak (kohorte-estudioak, kasu-kontrol estudioak eta zeharkako estudioak): kontsultatu STROBE (Strengthening the Reporting of Observacional Studies in Epidemiology) http://www.strobe-statement.org Proba diagnostikoen estudioak: kontsultatu STARD http://www.stard-statement.org Argitaratu nahi diren beste lan mota batzuentzat kontsultatu EQUATOR Network http://www.equator-network.org Artikuluak osatzeko estiloari buruzko informazio gehiago Osagaiz eredu-txantiloian aurkituko duzue.
ERREBISIO BIBLIOGRAFIKOA: Gaur egungo gai bati buruzko eguneratze-lana, azkeneko urteetako estudio aipagarrienak biltzen dituen errebisioa. Testuak gehienez 5.000 hitz, 10 irudi eta taula, eta 50 erreferentzia bibliografiko.
KAT (Kritikoki Aztertutako Testuak): Eskuragarri dagoen ebidentzia onenari buruzko laburpena, galdera kliniko espezifiko bati erantzuteko sortutakoa. Testuak gehienez 2.000 hitz, 2 irudi eta taula, eta 5 erreferentzia bibliografiko.
FARMAZIALARIEN TXOKOA
DOSI TXIKITAN: Osasunari buruz orokorrean edo osasunaz idazteko interesgarria eta aberasgarria izan daitekeen informazioa eta aholkuak bilduko dituen atala izango da. Formatu txikiko idazkiak izango dira.
3. ARTIKULUAREN PRESTAKETA TESTUA
Testua euskara batuan idatzita egongo da. Erredakzio-kontseiluak eskubidea du jasotako artikuluen kalitatearen arabera onartzeko edo ezeztatzeko. Hizkuntza-zuzentasuna ziurtatzeko onartuak izan diren artikulu guztiak euskara zuzentzaileak orraztuko ditu. Hizkuntza-zuzentzaileak artikuluaren hizkuntza-zuzentasuna ziurtatzeko beharrezko aldaketak egiteko eskubidea izango du.
IRUDIAK ETA TAULAK Testuan zehar irudi eta taulen kokapena adieraziko da. Irudi edo taula bakoitzak azalpen-oin bat izan beharko du eta taulek horrez gain izenburu bat izan beharko dute. Irudiak originalak ez badira, nondik atera diren adierazi beharko da berriz argitaratzeko eskubidea ematen duen pertsona edo erakundearen baimenarekin. Egile-eskubideak urratzen badira, artikuluaren egileak izango dira arduradunak, Osagaizek ez du kasu horietan ardurarik hartuko.
ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK Erreferentzia bibliografikoak testuan lehenengo aldiz aipatzen diren ordenaren arabera zenbatuko dira. Testuko, tauletako eta irudietako erreferentziak identifikatzeko zenbaki arabiarrak parentesi artean erabili. Erreferentziak euskaraz idazteko irizpideak kontsultatu.
4. ARTIKULUEN BIDALKETA
Egileek dokumentuaren bertsio elektronikoa —Microsoft Word edo Openoffice programa formatuan— OJS on-line plataformara igo beharko dute. Horretarako egileak erregistratu egin beharko du. Beste aukera bat info@osagaiz.eus helbidera bidaltzea da.
5. ARTIKULUEN EBALUAZIOA ETA ONARPENA
Erredakzio-batzordeko arduradunak arloko batzorde zientifikoko kideari bidaliko dio artikulua eta horrek bi ebaluatzaileri. Erredakzio-batzordeak eta egileek kontuan izango dute ICMJEk prestatutako dokumentu hau: Responsibilities in the Submission and Peer-Review Process http://www.icmje.org/recommendations/browse/roles-and-responsibilities/responsibilities-in-the-submission-and-peer-peview-process.html Ebaluatzaileek egin dituzten iruzkin eta iradokizunak, arloko batzorde zientifikoko kidearen erabakiarekin batera, egileari itzuliko zaizkio. Egileek aldaketak egiteko 10 egun izango dituzte. Egileek zuzenketak egin eta gero, argitaratzeko azken erabakia erredakzio-batzordeak izango du. Argitaratu baino lehen egileek artikulu maketatua jasoko dute azken berrikuspena egin dezaten. 7 eguneko epea izango dute aldaketak egin eta berriro ere artikulua bidaltzeko. Egileek zuzenketak bidali ezean, egindako orrazketa ontzat eman duela ulertuko da. Artikulu bakoitzak DOI zenbakia edukiko du https://www.doi.org/ .
Osagaiz eredu-txantiloia
Erreferentzien arauak