Laburpena
Sarrera: Heste meharreko gainhazkuntza bakterianoaren sindromea (HMGBS), heste meharreko bakterioen kantitate eta konposizioaren aldaketengatik sortzen den entitatea da. Gehiegizko ugaritze hau mikroorganismo metanogenoengatik denean, hesteetako metanogenoen gainhazkuntza (HMG) bezala definitzen da. Ohiko klinika min edota distentsio abdominala eta beherakoa izan ohi da, eta bere garapena arrisku-faktore desberdinei loturik dago. Diagnostikorako hidrogeno arnastuaren testak erabiltzen dira. Azken urteetan gero eta entzunagoa den sindromea izan arren, ebidentzia zientifikoa urria da, bere maneiuan zalantzak sortzen direlarik. Azken ikerketek garrantzi handia ematen diete arrisku-faktoreen presentziari, horiek gabeko pazienteetan sintomek balio prediktibo ahula dutela defendatuz.
Helburuak: Donostiako Unibertsitate Ospitaleko haur-gastroenterologiako kontsultan egindako laktulosa bidezko hidrogeno arnastuaren testen emaitzak aztertzea, HMBG diagnostikatuak izan ziren eta ez zirenen sintomatologia deskribatu eta arrisku faktoreen presentzia ikertuz.
Metodoak: Atzera begirako azterketa deskribatzailea, 2021eko ekainetik 2024ko urrira bitartean laktulosa-testa egin zitzaien pazienteen historia klinikoen berrikuspenaren bidez.
Emaitzak: 67 test egin ziren, eta 57 analizatu. Testa normala izan zen % 45ean. Test positiboen artean: HMGBS % 22.8, HMG % 17.54, mikroorganismo metanogenoen eta kolonizazioa % 14,03. Sexuaren araberako banaketa: % 54,4 gizonezkoak eta % 45,6 emakumezkoak. Diagnostikorako batez besteko adina: 9,45 urte ± 2,62. Sintomatologia ohikoena min abdominala izan zen (%91,22), ondoren flatulentziak (% 56,14) eta beherakoa (% 50,88). Ez da klinikaren eta diagnostikoaren arteko loturarik aurkitu. Arrisku-faktoreak 4 pazientek aurkeztu zituzten, guztiak HMGBS taldean.
Ondorioak: sintomen eta HMGBSren presentziaren arteko korrelazio txikia dela eta, azken ebidentziei jarraituz, gomendagarria litzateke testa egiteko aukera klinika bateragarria eta arrisku-faktoreak dituzten pazienteetan soilik planteatzea.

This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.
Copyright (c) 2025 Ane Mujika Agirre, Ane Arrondo Esnaola
