Linboko zelula amen eta melanozitoen ko-kultiboaren optimizazioa: hazkuntza medioek melanozito epidermikoen hazkundean eta funtzionaltasunean duten eragina
DOI:
https://doi.org/10.26876/ikergazte.vi.04.27Gako-hitzak:
Linboko epitelioko zelula amak, Linboko zelula amen gutxitasuna, melanozitoak, linboko nitxoa, xenogenikorik gabeko medioaLaburpena
Linboko epitelioko zelula amak (LEZA), linbo esklerokornealean (kornea eta esklerotikaren arteko trantsizio gunea) kokatzen direnak, linboko nitxo deritzon ingurune espezializatu batean hain zuzen ere, etengabe ari dira korneako epitelioa berritzen. Linboko nitxoan melanozitoak ere badaude, eta funtsezko zeregina dute aipaturiko zelula amen desdiferentziazio egoera eta funtzionalitatea mantentzeko orduan. LEZAk disfuntzionalak bihurtzen direnean, korneak konjuntibalizazioa jasaten du, eta horrek gardentasuna murriztea eta ikusmena galtzea eragiten du. Transplante autologoa tratamendurik eraginkorrena bada ere, LEZAn eskasiak euren ex vivo hedapena eskatzen du, horretarako baldintza optimoak bilatzearen beharrizana nabarmenduz.
LEZAn biziraupena eta pluripotentzia mantentzeko ikuspegi itxaropentsu bezala ikertu da melanozitoekin batera ereitea, zeintzuek funtsezko zeregina duten LEZAn diferentziazio-eza, biziraupena eta funtzionalitatea mantentzerako orduan, linboko nitxo naturala imitatuz. Morfologia, hazkuntza, bideragarritasuna, migrazioa, melaninaren sintesia eta melanozitoen markatzaileen adierazpena ikertzea ardatz nagusi gisa erabiliz, melanozitoak kultibo medio desberdinetan aztertu genituen. Aurkikuntzek adierazi zuten LEZAk ereiteko erabili ohi diren hazkuntza medioek melanozitoen bideragarritasuna eta funtzioak murrizten zituztela. Aitzitik, eraldatutako medio esperimentalek bideragarritasuna eta migrazio gaitasuna emendatzen zuten, melanozitoen morfologia tipikoa mantenduz.
Beste espezietatik eratorritako konposatu kimikorik, konposatu xenogeniko izenekoak, gabeko hazkuntza medioak garatzeko isoproterenolarekin ordezkatu zen toxina kolerikoa, terapia zelularrerako arriskuak ekar ditzaketen konposatuak saihestuz. Gainera, buruturiko azterketek agerian uzten dute hazkuntza-faktore espezifikoek eta seinale-molekulek (α-MSH eta endotelina-1, adibidez) melanozitoen biziraupenerako duten garrantzia. LEZA eta melanozitoen hazkuntza-baldintzak optimizatzea funtsezkoa da LEZAn hedapena eta transplante-terapiak hobetzeko.
Lizentzia
Copyright (c) 2025 IkerGazte. Nazioarteko ikerketa euskaraz

This work is licensed under a Creative Commons Attribution-ShareAlike 4.0 International License.
