Arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua lau urteko umeengan eta haurdunaldiko tabako-kontsumoa
PDF

Gako-hitzak

Arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua
tabako-aztura
haurdunaldia
gernu-kotinina

Aipuak nola egin

Ezkiaga, H., Aurrekoetxea, J., Espada, M., & Ibarluzea, J. (2017). Arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua lau urteko umeengan eta haurdunaldiko tabako-kontsumoa. Osagaiz: Osasun-Zientzien Aldizkaria, 1(2). https://doi.org/10.26876/osagaiz.2.2017.96

Laburpena

Arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua (ADHN) umeengan arazo hedatua da gure gizartean. Haurdunaldian tabako-kontsumoarekin lotu izan da hainbat ikerketatan, baina lotura kausal hori ondo finkatu gabe dago gaur egun. Ikerketa honen helburua zera da: emakume haurdunen tabako-aztura eta haien haurdunalditik jaiotako 4 urteko umeen ADHNa ikertzea. ADHNari buruzko 323 umeren informazioa jaso zen. Prebalentzia % 2,5ekoa izan zen. Mutilek arrisku handiagoa erakusten zuten ADHNa pairatzeko neskek baino. Maila sozial baxuko eta, batez ere, lehen mailako edo ikasketa gabeko gurasoen umeek ADHNaren arriskua areagotuta zeukaten. Kohorteikerketa honetan amei haurdunaldiaren 32. astean tabakoari buruzko eta hainbat aldagai sozioekonomikori buruzko galdeketa egin zitzaien. Gainera, gernuko lagin batean kotinina neurtu zitzaien. Umeak 4 urteko pediatria-kontrola egiteko kontsultara eramaten zituzten helduei ADHD DMS-IV galdesorta pasatu zitzaien. Bi azpieskala ditu DMS-IV galdesortak, arreta-defizita eta hiperaktibitatea/inpultsibitatea neurtzen dutenak, 0tik 27 puntu bitartean, bakoitzean. Menpeko aldagaien asimetria dela eta, erregresio binomial negatiboa erabili zen analisi estatistikorako. Haurdunaldian erretzen zutenen edo gernu-kotinina altua (> 100 ng/ml) zeukaten amen umeek % 1722 bitarteko arreta-defizita izateko arrisku handiagoa zuten (esangura estatistikorik gabe). Hiperaktibitatea edo inpultsibitatea ez zen lotzen estatistikoki amaren tabako-kontsumoarekin. Ikerketa honek adierazten du ADHNaren eta haurdunaren tabako–kontsumoaren arteko lotura ez dela handia, baldin badago ere. Lanaren mugen artean dago laginaren tabako-azturaren prebalentzia (% 21ekoa haurdunaldiaren hasieran eta % 12koa 32. astean) eta kopuru murritza (gehienez 12 zigarro egunean). Ikerketa gehiago beharko dira hipotesi hau ondo zehazteko. 

https://doi.org/10.26876/osagaiz.2.2017.96
PDF