Laburpena
- Sarrera
Gurutzetako Ospitaleko kirurgia-zerbitzua 40 zirujauk eta 10 egoiliarrek osatzen dute batez beste, eta horri beste zerbitzu kirurgiko eta ospitale batzuetako egoiliarrak, medikuntzako seigarren mailako barne-ikasleak eta gradu-amaierako lanak egiten ari diren ikasleak gehitu behar zaizkio. Gurutzetako Ospitaleko kirurgia-zerbitzuak 12 irakasle elkartu ditu, eta horietatik lau doktoreak dira. Gure zerbitzuak 1.000 kirurgia inguru egiten ditu urtean, hainbat azpi-espezialitateetakoak, horietako batzuk izen handikoak nazioartean, hala nola kirurgia endokrinoa edota hepatobiliarra, baita kirurgia esofagogastrikoa eta obesitate morbidoaren eta koloneko kirurgia ere. Beraz, ikerketa-azterketak egiteko datu-formako ezagutza eta material-emari garrantzitsua dago.
- Materiala eta metodoak
Duela 10 urtetik hona, zientzia kirurgikoko tailer bat egiten ari gara, gradu-amaierako lanak egiten hasi diren medikuntzako laugarren mailako ikasleekin hasten dena. Egiten ditugun lan motak hurrengoak izan dira: kirurgiako gaurkotasuneko gaien berrikuspen sistematikoak edota metaanalisi ondo egituratuak; eta kasu eta kontrol moduko edota biziraupen-azterketa diren ikerketa kliniko analitiko konparatiboak.
Lehendabiziko helburua, laugarren mailatik hasita, etorkizuneko medikuek, ondo egituratutako ikerketa lan baten txostena eta bete beharreko pauso guztiak ezagutu eta burutzea da. Jarraitzen dugun metodologia ikaslearen intereseko gai bat aukeratzearekin hasten da, irakasle den adjuntu aditu profesionalak zuzendu dezakeena. Hortik aurrera gutxienez urtebete iraungo duen denbora-tartean hainbat elkarrizketa eta batzar egiten ditugu ikaslearen eta tutorearen artean. Ondoren, ikerketa-galdera bat diseinatzen da, ospitalearen eskura dauden baliabideak erabiliz erantzun ahal izateko. Ondoren, proiektu zientifiko bat idatziko da, ospitaleko etika-batzordeak bermatu behar duena. Onartuta dagoenean, dagokion datu-basea anonimizatua sortzen eta betetzen hasiko da, eta jarraian, analisi estatistikoa egingo da emaitzak lortuz. Azkenik, zuzendariaren jarraipenarekin gradu-amaierako lana idatziko du ikasleak eta epe laburrean aurkezpen zientifikoa sortu tribunalaren aurrean aurkezteko.
Epe luzeko helburua gradu-amaierako lanei jarraipena ematea da, ikerketa lanek sortutako materiala erabilita, ospitaleko espezialitate kirurgikoetako egoiliarrek eta adjuntu arduradunek gainbegiratuta, poster eta ahozko komunikazio zientifikoak kongresuetan aurkeztuz eta posible den kasuetan hainbat aldizkarietara bidaliko diren artikulu zientifikoak garatuz.
zkenik, kirurgiako doktorego-programan matrikulatuz gero, egindako lanarekin jarraitzeko aukera legoke, gradu-amaierako lanari ezarri zitzaion gai bereko doktorego-tesia eginez.
- Emaitzak
Epe honetan, gradu-amaierako 40 lan baino gehiago egin dira, batez beste gradu-amaierako bost lan urteko, hauetako gehienak euskaraz. Horren ondorioz, komunikazio zientifiko ugari bultzatu dira, posterrak eta ahozkoak, bai nazioko eta nazioarteko kongresu zientifikoetan. Lanaren amaiera gisa, hamar bat artikulu zientifiko sortu dira, estatuko eta nazioarteko aldizkarietan, ikaslearen lehen artikulu zientifikoa bilakatuko dena eta ikerketa-prozesua borobiltzen duen merezitako saria. Amaitzeko, azken bost urteetan hiru doktorego-tesi irakurri dira, eta une honetan kirurgia-zerbitzuko hiru kide daude doktorego-programan matrikulatuta.
Ondoren azalduko den moduan, Ibabe Villalabeitia Ateka doktoregaiak obesitate morbidoaren kirurgian oinarritutako gradu-amaierako lan batekin hasi zuen bere ibilbidea, duela zazpi urte, eta gaur egun gai berdina jorratzen duen doktore-tesia borobiltzear dago, beste gradu-amaierako lanetan oinarriturako hainbat artikulu zientifiko tarteko.
- Ondorioak
Gurutzetako Ospitaleko Kirurgia Orokorreko Zerbitzuan, zientzia kirurgikoko tailer bat sortu dugu. Bertan, ikasleak eta egoiliarrak koordinatzen dira, unibertsitateko irakasle diren mediku adjuntuen gainbegiradapean, gradu-amaierako lan batekin hasten diren eta argitalpen eta komunikazio zientifikoak sortzen jarraitzen duten lan zientifikoak garatzeko. Azkenik, ikaslearen interesen arabera, egindako lanak sortutako argitalpen eta komunikazio zientifikoak kontuan izanda, ikasleak doktorego-tesi lan batekin amaitu dezake ibilbidea.

This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.
Copyright (c) 2025 Aingeru Sarriugarte Lasarte
