Nolakoak dira Farmaziako GrALak gure zuzendaritzapean?
.PDF

Gako-hitzak

Euskara
. Euskarazko terminologia
Farmazia jasangarria
Bioterapiak
Arreta farmazeutikoa

Aipuak nola egin

Zarate Sesma, J. (2025). Nolakoak dira Farmaziako GrALak gure zuzendaritzapean?. Osagaiz: Osasun-Zientzien Aldizkaria, 9. Berreskuratua -(e)tik https://aldizkariak.ueu.eus/index.php/osagaiz/article/view/6046

Laburpena

Euskarak joera dauka pluraleko pertsona-izenordainak erabiltzeko singularrekoen ordez, batez ere NOREN kasuan. Konturatuko zineten artikuluaren tituluan “gure” izenordaina erabili dudala. Izan ere, euskararen joera berbera aplikatzen saiatzen gara gure GrALetan, eta diziplina ezberdinetako irakasleen arteko zuzendaritza bultzatzen dugu. Era berean, euskarak garrantzi berezia dauka gure GrALetan. 3 mailatan definituko nuke euskararen garrantzi hori:

  1. Hizkuntzaren kalitatea. Garrantzi berezia ematen diogu idatzitako testuaren euskara mailari eta GrALaren defentsarako ahozko euskara mailari. Horretarako GrALa gurekin egitea erabaki duen ikaslearen euskara maila aztertzen dugu, eta GrALaren ekoizpen prozesuak irauten dituen 6 hilabeteetan ikaslearen mailaren araberako plangintza egiten dugu.
  2. Euskarazko terminologia teknikoaren garapena. GrALetan arlo konkretu bateko terminologia espezifikoa lantzen dugu euskaraz. Hori dela eta, terminologian adituak diren Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa saileko irakasleekin ko-zuzentzen ditugu GrALak. GrALetan terminologia espezifikoaren glosategi eleaniztun deskriptiboak egiten ditugu.
  3. Euskarak osasun arretaren kalitatean duen garrantzia ikertzen dugu. Aukera dagoenean, hau da, GrALean osasun arretarekin erlazionatutako gairen bat lantzen denean, erabiltzaile edo paziente euskaldunetan euskarazko osasun arretak kalitatean duen garrantzia lantzen da. Ikuspegi teorikoa txertatzen da eta aukera dagoenean eskuhartzeren bat ere diseinatzen da.

Gaitegiari dagokionez gure GrALetan hiru lan-ildo nagusi jorratzen ditugu:

  1. Farmazia jasangarria. Bereziki sendagaiek ingurumenean duten eraginari buruzko lanak zuzentzen ditugu. Uste dugu osasun profesionalok ez diogula behar besteko garrantzia ematen farmako kutsaduraren arazoari, nahiz eta profesionalok garen, azken buruan, medikamenduak preskribatu, eman eta jartzen ditugunak. Ildo honen bitartez, One Health ikuspegitik farmazia jasangarria sustatu eta profesionalon artean kontzientzia pizten ahalegintzen gara.
  2. Farmazia teknologiaren eta biofarmaziaren ikuspegitik bioterapiarako askotariko estrategiak lantzen dituzten GrALak ere zuzentzen ditugu (terapia genikoa, terapia zelularra eta ehunen ingeniaritza). Bioterapien arloan espezifikoki, farmakoen askapenerako garraiatzaileak lantzen dira eta ehunen ingeniaritzatik gaixotasunen diagnostikorako, tratamendurako eta ikerketarako aldamioak edo egiturak aztertzen dira.

Arreta farmazeutikoa eta farmazia asistentziala. Bi elementu horiek funtsezkoak izan behar dute osasun sistemen kudeaketa egokirako. Izan ere, zerbitzu profesional farmazeutikoek, osasun-zaintzako zerbitzuek eta farmazia komunitarioak asistentzia-eredu publikoari eta sendagaiaren erabilera arrazionala sustatzen dute eta horrek, onura sozial klinikoak, ekonomikoak eta humanistikoak dakartza. Hori dela eta, gaiok lantzen ditugu gure GrALetan.

Horretaz guztiaz gain, zabalik egoten gara ikasleek egin ditzaketen bestelako proposamenei eta garrantzi handia ematen diogu 6 hilabeteko prozesuan ikasleen eta irakasleen arteko konfiantzazko harreman profesional osasuntsua sortzeari.

.PDF
Creative Commons License

This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.

Copyright (c) 2025 Jon Zarate Sesma