Gradu Amaierako Lanak kardiologian: ikerketa-aukerak eta espezialitatearen ekarpena
.PDF

Gako-hitzak

Gradu amaierako lanak
Kardiologia

Aipuak nola egin

Arrizabalaga Arostegi, H. (2025). Gradu Amaierako Lanak kardiologian: ikerketa-aukerak eta espezialitatearen ekarpena. Osagaiz: Osasun-Zientzien Aldizkaria, 9. Berreskuratua -(e)tik https://aldizkariak.ueu.eus/index.php/osagaiz/article/view/6044

Laburpena

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikasleen gradu amaierako lanek (GrAL), besteak beste, ikaslea ikerketa zein metodologia zientifikoaren ildoan kokatzeko balio dute. Helburu honetarako, kardiologia espezialitateak hainbat abantaila eskaintzen ditu. Izan ere, gaur egun, medikuntzako espezialitateen artean ikerketa, garapena eta berrikuntzaren (I+G+B) arloan gehien hazten ari den eremuetako bat da. Horren erakusgai dira azken urteotan Osakidetza barneko ospitale tertziarioetan burutzen ari diren hainbat ikerketa, eta egoera honek, ikasleen erabilerarako onura berezia izan dezaketen hainbat datu baseen eraketa ekarri du. Hori dela eta, datu klinikoekin ikerketak burutzeko espezialitate oparo eta erakargarria bilakatu da kardiologia, honek guztiak, gradu amaierako lanetarako dakarren praktikotasunarekin batera. Horrez gain, kardiologiaren historia zabalari esker, eta egun beronek mantentzen duen ikerketa dinamismoari esker, medikuntzako espezialitate guztien barruan korpus literario aberatsenetarikoa duenetako bat izatea ekarri du. Azken errealitate honek, kardiologia gradu amaierako lana berrikuspen bibliografiko gisa planteatzen dutenentzako aukera zabala eskaintzera daramalarik.

Lanaren izaera dena delakoa izanik ere, hots, ikerketa originala zein berrikuspen bibliografikoa, kardiologiak gaur egun esparru ezberdinetan aritzeko bidea zabaltzen digu:

  • Kardiologia intentsiboaren arloan, kardiologia akutuarekin, besteak beste, miokardio-infartu akutuen (MIA), bihotz-gutxiegitasunaren txarragotze akutuaren, arritmia akutu/ekaitz arritmikoen, eroapen blokeoen, infekzioen zein balbulopatia larrien inguruko ikerketekin.
  • Arritmia eta gailuen eremuan, asaldura elektrikoen epe luzerako tratamenduen edo epe luzerako gailuen ezarpenarekin lotutako lanekin.
  • Hemodinamikaren esparruan, miokardio-infartu akutuen tratamenduaren inguruko, edo gaixotasun koronarioen tratamenduaren inguruko azterlanekin.
  • Kardiologiako irudi tekniken alorrean, bihotzaren asaldura estrukturalekin harremana duten lanekin.
  • Kardiologia klinikoaren inguruan, aurrean aipatu berri ditugun guztien maneiu eta tratamendu akutu zein kronikoaren inguruko ikerketekin.

Honen guztiaren adibide, azken urteotan EHUko erizaintza eta medikuntza fakultateetako hainbat ikaslek burututako lanak dauzkagu. Esaterako, Basurtuko Unibertsitate Ospitalean miokardioko infartu akutua eta ST segmentuaren igoera artatzeko adin-alborapenaren aukerari buruz egindako atzera begirako azterketa; COVID-19 pandemiak patologia kardiobaskularrean eta antolamendu sanitarioko estrategietan izandako eraginaren inguruko lana; bihotz-hodietako arrisku-faktoreen eta forma fisikoaren eragina kardiopatia koronarioa duten eta bihotzeko errehabilitazioan parte hartzen duten pazienteetan burututako ikerketa; Basurtuko Unibertsitate Ospitalean genero-alborapenagatik MIA tratatzeko atzerapenari buruzko atzera begirako azterketa; Fabryren gaixotasunaren inguruko berrikuspen sistematikoa; bat-bateko heriotzarako arriskuen estratifikazioa eta iragarpen-faktoreak identifikatzeko burutako ikerketa; edo eta Open Access datu-baseen konparazioa eta medikuntzako erronken eta aukeren identifikazioaren inguruan Big Data eta Osasuna uztartzen dituen lana.

Ikasleak hautatutako GrAL-aren arabera, kardiologia esparruko zuzendariek paper ezberdina har dezakete. Dozentzia Unitatearen bidez egindako GrAL-en kasuan, lanaren egituraketan, zuzenketan eta eratze prozesu osoan zehar begirale gisa dihardute batik bat. EHU-ko zerrenden bidez egindako GrAL-en kasuan, aldiz, aholkulari edota zuzentzaile lanetan aritu ohi dira.

Kardiologiak guzti hau, eta gehiago, eskain dezake, izan ere, beti dago ildo berrietara zabaltzeko prest.

.PDF
Creative Commons License

This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.

Copyright (c) 2025 Haritz Arrizabalaga Arostegi