Laburpena
Sarrera: Eskola-jazarpena eta obesitatea bereziki larriak diren egoerak bilakatzen ari dira. Haurtzaroan nahiz nerabezaroan bullyinga jasateak, luzaroan kalte fisiko, psikologiko nahiz sozialak eragin ditzake. Obesitatea izateak bullyinga jasateko arriskua aztertzen duten lanak badaude. Bullyinga eta obesitatea osasun publikoko arazoa kontsideratzen direla kontuan harturik, lan honetan bi norabideak aztertuko dira.
Metodologia: Berrikuspen bibliografiko hau 2024ko azarotik 2025eko otsailera arte garatu zen. Pubmed, Web of Science, PsycInfo, BVS eta Dialnet datu-baseak erabili ziren. Aurretik definitutako barneratze- eta kanporatze-irizpideak aplikatuz 29 artikulu aukeratu ziren berrikuspena egiteko.
Emaitzak: Lan honetan bullyingaren eta pisuaren arteko erlazioa aztertu zen. Alde batetik, gainpisua edo obesitatea izateak bullyinga jasateko arriskua zenbatean handitzen duen ikusi zen. Eta bestetik, bullyinga jasateak nerabezaroan nahiz helduaroan gehiegizko pisua garatzearekin zer lotura duen ikertu zen.
Ondorioak: Obesitatea nahiz gainpisua izateak bullyinga jasateko arriskua handitzen duela baieztatua izan den arren, alderantzizko norabidea ikerketa-lerro berria da oraindik. Hala ere, bullyinga jasateak obesitatea nahiz gainpisua garatzeko arriskua handitzen duela ere ikusten ari da.

This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.
Copyright (c) 2025 Irene Lopez Altuna, Izaro Babarro Velez, Ainara Andiarena Villaverde, Nerea Lertxundi Iribar
