Laburpena
80ko hamarkadan, Espainiako eta Nafarroako Foru Komunitateko ijitoek batez bestekoa baino bizi-itxaropen txikiagoa zuten, bai eta gaixotze-tasa handiagoa eta bizimodu ez oso osasungarrien prebalentzia handia ere. Alderdi horiek guztiak lotuta zeuden etxebizitza- eta ingurumen-baldintza ez oso osasungarriekin, eta zerbitzu publikoetarako sarbide eskas batekin. Desberdinkeria sanitario eta sozial horiei erantzuteko, Nafarroan Gutxiengo Etnikoen Osasuna Sustatzeko Programa jarri zen abian 1987an. Hastapenean, irabazi-asmorik gabeko erakunde baten bitartez, baina, segituan, Osasuna Sustatzeko Atalak hartu zuen bere gain programa horren kudeaketa (atal hori egungo Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutukoa da). Programa Nafarroako ijitoen komunitateari zuzentzen zaio, bereziki biztanle behartsuenei, eta ijitoen entitateekin koordinatuta garatzen da. Entitate horiek, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren (NOPLOI) dirulaguntza baten bidez, osasun-sustatzaile ijitoak kontratatzen dituzte, Nafarroako eskualdeetan lan egiteko, osasun-etxearekin lankidetza eginez. Programa hori erreferentziako programa bat da Espainiako estatuan eta Europan, ijitoen osasunaren alorrean. Programan, sareko lana egiten da ijitoen entitateekin, eta ijitoen ahalduntzea bultzatzen da. Bere ibilbidean hainbat sari eta aintzatespen jaso ditu, hala nola Eurohealth 2004, Osasun Ministerioaren ekitatearen eremuko kalitatearen saria (2007) eta OMEren jardunbide egokien saria (2010).