Laburpena
Atzera begiratuz, pandemian zehar aldi desberdinak igaro ditugula pentsatzen dut.Lehenengo asteetan, arazo nagusienak zalantza eta ziurgabetasunaren eskutik zetozen. Alde batetik,
lankideen artean, gaixotasun berri baten aurrean egoteak ardura eta kezka sortzen zuela argi
nabarmentzen zen. Nafarroako haurrei ahalik eta laguntza hoberena eskaintzeko adimena behar
genuen, eta horretarako, iristen zitzaigun informazioa azkar prozesatu behar zen. Hasieran txinatar
medikuek argitaratuko berriak besterik ez genituen, eta susmatzen zen birusa haurrentzat ez zela oso
kaltegarria, baina jaioberrietan nolako eragina izan zezakeen ez genekien, txinatarrek ama-haur
bikotea banatu egin zutelako badaezpada ere, eta bularra ez ematea aholkatu. Zorionez, berehala
konturatu ginen elkarrekin egotea ez zela kaltegarria, jaioberriek titia lasai hartu zezaketela,
bikotearentzat duen abantailarekin.
Gure zerbitzuan COVID-19ari buruz lortzen genuen ezaguera partekatzeko modu azkarra,
WhatsAppeko multzo bat antolatzea iruditu zitzaigun. Bertan, pediatriako arlo desberdinetatik
bidaltzen genuen informazioa, espezialitate bakoitzari elkarte zientifikoetatik (infekzio arloa,
jaioberriak, intentsiboa, pneumologia, kardiologia, etab.) iristen zitzaizkigun berriak partekatzeko.
Hor bertan Osasunbideko eta gure ospitaleko txostenak ere banatzen genituen. Beste alde batetik,
gure ezaguera eta erabakiak lehen mailako arretako pediatrekin, eta Tutera eta Lizarrako ospitaleko
kideekin ere partekatu genituen, beraien ordezkariekin beste WhatsAppeko talde berri bat egin eta
gero. Egia esan, komunikabide hau gaur egun ere, komenigarria iruditzen zaigu osasun berriak denoi
jakinarazteko. Ongi erabilia, integrazio tresna interesgarria da.