Hitzaurrea
PDF

Aipuak nola egin

eta Antolatzailea, B. Z. (2020). Hitzaurrea. Osagaiz: Osasun-Zientzien Aldizkaria, 4. https://doi.org/10.26876/uztaro.100+.2017.1

Laburpena


Eskutik helduta doazen bi kontzeptu direlako, auzolanak ahaldunduko gaitu eta eraikiko du osasuntsuagoa izango den bestelako gizarte berria.

Osasun Sailaren 2017-2020 aldirako lerro estrategikoek jasotzen duten kontzeptua da gaixoen ahalduntzea. Batera doaz ezinbestean. Ahalduntzeak auzolana dakar eta auzolanak ahalduntzea. Ahaldunduta dagoen pertsona eta gizarte batek erraz ulertuko du auzolanak norbanakoaren osasunean duen eragina. Auzolanean dabilen pertsona edo gizartea berez eta beharrak bultzatuta ahalduntzen da.


Pandemia-garai hauek, aurrez zalantza txikiren bat balego, argi eta garbi erakutsi dute auzolanaren ezinbestekotasuna. Auzolana gaixoak eta pertsona zaurgarriak zaintzeko, auzolana gaztetxoenak hezteko baina auzolana ere osasun profesionalok gure artean babestu eta zaintzeko.


Beharrizana bezalaxe, auzolanaren gabezia edo eskasia ere geratu da agerian. Globalizazioan eta indibidualismoan itotako gizarte honetan pertsona askok bota dugu faltan auzolanaren epela. Bai behintzat auzolan gehiagoren goxotasuna.


Auzolanarekin lotutako hainbat esperientzia topatuko dugu OEEren 30. Biltzarraren edukia jasotzen duen Osagaizen ale honetan. Kirola eta kirol programen ezarpena errazago baita auzolanean. Bullying-ari auzolanean aurre egin ezean nekez desagerraraziko dugu. Erresilentzia, nerabeena eta gainerakoena auzolanean ere errazago landuko dugu. Konektibitate birtuala baztertu gabe, auzolanak erraztuko duen konektibitate fisikoa berreskuratu behar dugu.


Baina sinesten al dugu benetan auzolanean eta dakarren onuran? Praktikan jartzen al dugu
eguneroko zeregin pertsonal eta profesionaletan? Osasun profesionalok ere ez al ditugu herritarrak eta gizartea bera erabakiak hartzeko gai ez balira bezala tratatzen? Ezin duzu edan, kirola egin behar duzu, ospitalean ingresatu behar duzu…Noiz utzi behar dugu jarrera paternalista hau? Hezkuntzaprofesionalekin batera, osasun profesionalok badugu ardura garrantzitsua zeregin honetan. Akaso haurretatik hasi behar dugu. Dauzkaten gaitasunak onartu eta haur txikiak bezala tratatu ordez ahalduntzen hasi beharko genuke. Astirik galdu gabe, badugu garaia gurasoak eta helduak ere auzolanera bideratzen hasteko. Sintrom edo kirola preskribatzen ditugun gisa, ez al genuke auzolana ere preskribatu behar?


Batzorde Zientifikoa eta Antolatzailea

https://doi.org/10.26876/uztaro.100+.2017.1
PDF