Parkinson gaixotasunaren biomarkatzaile klinikoen paperaren azterketa, ikuspegi epidemiologiko batetik
PDF

Gako-hitzak

Parkinson gaixotasuna
REM loaren jokabide-alterazioak
Sintoma motorrak
Sintoma ez motorrak
Traumatismo kraneoentzefalikoa

Aipuak nola egin

Ribera, H., Ruiz Martinez, J., & Olasagasti Calzacorta, V. (2020). Parkinson gaixotasunaren biomarkatzaile klinikoen paperaren azterketa, ikuspegi epidemiologiko batetik. Osagaiz: Osasun-Zientzien Aldizkaria, 4(1). https://doi.org/10.26876/osagaiz.1.2020.293

Laburpena

Parkinson gaixotasuna (PG), mugimenduen nahasmenduekin erlazionatutako gaixotasun neurodegeneratibo bat da. Populazio totalaren prebalentzia % 0,1-0,3 inguruan dago eta haren etiologia ez da guztiz ezaguna oraindik. Nahiz eta klasikoki gaixotasun motor bezala definitu izan den, badaude gaixotasunaren hasierako faseetan presente egon ohi diren zenbait sintoma ez motor (SEM) gaixoen % 90ean. Horien artean daude nahaste disautonomikoak, sintoma sentsorialak eta emozionalak, eta lo-nahasmenduak. Sintoma horiek goiz agertzen direnez, garrantzitsuak dira biomarkatzale klinikoak bilakatu daitezkeelako. Forma genetikoak PGaren kasuen % 15 dira eta ideia horren inguruan 2004. urtean LRRK2 genearen lehen mutazioa aurkitu zen, orain arte gaixotasuna garatzeko arriskua areagotzen duen faktore genetiko garrantzitsuena. Mutazio horietako bat euskal jatorriko biztanleen artean ohikoa zela ohartu ziren. Testuinguru horretan, gaixotasunaren prebalentzia jakin nahian, ikerketa epidemiologiko bat egin zen Azkoitian eta Azpeitian. Prebalentziaz gain, beste zenbait aldagairen artean, biomarkatzaile horien maiztasuna ere aztertu zen. Lagin berbera hamar urte pasa ondoren aztertzea interesgarria litzateke, adina, SEMen agerpena edota ingurumen-faktoreen garrantzia ikertzeko. Medikuntzako Gradu Amaierako Lana izan den ikerketa honetan, 2009an parte hartu zuten 232 pertsonetatik, 173ren informazioa jaso ahal izan da. Emaitzek diotenez, adinarekin bat, PGaren kasuen gorakada egon da. Gainera, REM loaren jokabide-alterazioak (TCSR/REMJA) etorkizunean PGa garatzeko arriskua iragar lezakeen biomarkatzaile nagusia direla ikusi da. Emaitza hauek guztiak lanak dituen mugekin aztertu behar dira, laginaren tamaina txikia baita.

https://doi.org/10.26876/osagaiz.1.2020.293
PDF