Abstract
- Sarrera
Taupada markagailuen bidezko bihotz-estimulazio artifizialaren beharra gero eta prebalenteagoa da gizartearen zahartzearekin batera. Estimulazio hau lortzeko hainbat teknika joan dira garatzen, eskuineko bentrikuluaren apexetik egiten den ohiko estimulaziotik hasita ezker adarraren estimulazio fisiologikora arte. Azken urteetan argitaratu diren zentro handien ikerketen emaitzak kontutan izanik, estimulazio fisiologikoa birsinkronizazio terapia ordezkatzeko terapia modura gailenduz doa zentro askotako praktika klinikoan, bai bihotz gutxiegitasuna edo disfuntzioa duten pazienteetan bai estimulazio portzentaje altua izango dutela aurreikusten den pazienteetan (batez ere gazteak badira), ohiko estimulazioak sor dezakeen funtzioaren galera ekiditeko.
- Helburuak
Helburu nagusia Bilbo-Basurtu ESIan ezker adarraren estimulazio fisiologikoa ezarri zaien pazienteen ezaugarri klinikoak, elektrokardiografikoak eta ekokardiografikoak aztertzea izan da, baita berauen bilakaera ezagutzea ere.
- Material eta metodoak
2021 eta 2024ko iraila artean Bilbo-Basurtuko ospitalean teknika praktikatu zaien eta gutxienez 6 hilabetetako jarraipena zuten pazienteen kohorte atzera begirako ikerketa behatzaile burutu da. Guztira 163 paziente aztertu dira (71 emakume eta 92 gizon, bataz besteko adina 71,5 ± 11 urte) bi taldetan banatuta, batetik bihotz-gutxiegitasunagatik edota bradikardia eta disfuntzioa izanik estimulaziorako indikazioa dutenak (birsinkronizazio terapiako indikazio luketenak), eta bestetik, bradikardiagatiko (bihotz funtzio normalarekin) indikazioa dutenak. Pazienteen aldagai kliniko, elektrokardiografiko eta ekokardiografikoak aztertu dira, bai ezarpen aurretik bai ezarpen ostean. Lortu diren datuekin, kasu bakoitzean zegokion analisi estatistikoa burutu da.
- Emaitzak
Bataz besteko jarraipena 546 egunetakoa izan da (DE 349). Jarraipenean QRSaren estutze esanguratsua, ezker bentrikuluaren diametroaren (DTDVI) murrizketa eta ezker bentrikuluaren funtzioaren (FEVI-aren) hobekuntza esanguratsua ikusi da (p<0,01). Bi azpitaldeen analisiari dagokionez, birsinkronizazio terapiaren ordez ezarritako pazienteek (BG indikazioa 1 irudian) hobekuntza nabariagoa izan dute aurrez aipaturiko 3 parametroetan. Bradikardigatik ezarritako pazienteetan aldiz ez da aldagai hauen aldaketa esanguratsurik ikusi, nahiz eta estimulazio portzentaje (pacing %) baxuagoa izan duten. Era berean, egiturazko aldaketak nabarmenagoak izan dira indikazioa bihotz gutxiegitasuna izan denean.
5. Ondorioak
Gure seriean, ezker adarraren estimulazio fisiologikoa aldagai elektrokardiografiko eta ekokardiografikoen hobekuntzarekin lotzen da indikazioa birsinkronizazio terapiaren ordezko teknika denean. Hobekuntza hau ez da hain esanguratsua indikazioa brakikardia denean. Emaitza hauek bat datoz argitaratuta dauden beste ikerketekin.

This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.
Copyright (c) 2025 Maialen Ramos Pérez
