Abstract
Medikuntza Graduko Giza Anatomia III irakasgaiko irakasleok, Basurtu eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaletako espezialista klinikoekin elkarlanean, eskaintzen ditugun gradu-amaierako lanak (GrAL) zertan oinarritzen diren azaldu dugu Osasunaldiaren aurtengo edizioan. Izan ere, gradu-amaierako lan hauek, duela pare bat urte abiatu genuen lankidetza-proiektu batetik eratorritakoak dira.
GrAL hauetan askotariko kirurgiak burutzeko orduan funtsezkoak izan daitezkeen atal anatomikoak identifikatzea da helburu nagusia, alegia, kirurgia edo interbentzio bat planifikatzeko orduan kontuan hartu beharreko atal anatomiko garrantzitsuenak aztertzea.
Nahiz eta anatomiaren arloan ikerketa eta lan ugari egin diren urte luzez, oraindik ere ezagutza mugatua dugu pertsonen arteko aldakortasunari dagokionez. Giza-gorputzaren egitura nagusiak ezagunak diren arren, eguneroko praktika klinikoak eta disekzioak erakusten dute anatomia ez dela beti “liburukoa”: egitura askotan aldaketa nabarmenak aurki daitezke, eta horiek eragin zuzena izan dezakete interbentzio medikoetan. Hori dela eta, lan hauen balioa ez datza soilik anatomia “berriro” deskribatzean, baizik eta giza aldakortasun horren dokumentazio zehatza egitean. Are gehiago, jakintasun orokorra handitzeaz gain, lan hauek betetzen duten beste helburu garrantzitsu bat euskarazko testu-bildumak osatzea litzateke, hots, gai teknikoak jorratzea helburu duen euskarazko bilduma edo corpusa osatzea.
Lan hauek aurrera eramateko, Giza Anatomia III-ko irakasgaian eskaintzen diren mintegietan oinarritzen gara. Mintegi horietan, anatomia irakasteko eta ikasteko erabiltzen ditugun gorputzetan, kirurgiaren ikuspegitik interesgarriak diren atal anatomikoak aztertzen ditugu. Ikasleek, lehenik eta behin, interbentzio bakoitzean parte hartzen duten egitura anatomikoak identifikatu eta deskribatzen dituzte, eta, ondoren, espezialista klinikoek deskribatutako pausu horiek praktikan jartzen dituzte, kliniko espezialisten laguntzaz.
Mintegietan zehar, ikasleek erakutsitako interesak eta motibazioak erakutsi ziguten anatomiaren eta kirurgiaren arteko loturak ikuspuntu praktiko eta kliniko batetik aztertzea baliagarria eta erakargarria zela haientzat. GrAL modura sakontasun handiagoz landu zitezkeen lan-ildoak proposatzea otu zitzaigun. Horrela sortu zen ideia: ikasleei aukera ematea interbentzio zehatz baten inguruko anatomia eta inguruko egituren aldakortasuna aztertzeko, ikuspegi kliniko eta anatomikotik.
Aldaki anatomikoak maiz agertzen dira bereziki odol-hodietan. Aldaketa hauek, kasu askotan, interbentzioaren planifikazioan eta gauzatzean eragina izan dezakete. Izan ere, benetako interbentzio kirurgikoak prestatzeko orduan ohikoa da aurretiazko azterketa anatomikoa egitea, bereziki odol-
hodien kokapena eta ibilbidea kontuan hartuta, kirurgiaren garapenean eman beharreko pausoak egoki planifikatzeko. Hori dela eta, gure gorputzetan disekzio bidez atzemandako aldaki anatomikoak ez dira kasu isolatuak, baizik eta praktika klinikoan maiz aurkitzen diren egoerak, eta, ondorioz, "ohiko erronkatzat" jo daitezke. Aldakortasun horien garrantzia ikusita, hainbat egilek liburuetako kapituluetan nahiz artikulu zientifikoetan jaso izan dituzte deskribapen horiek. Hala ere, ohikoa den bezala, euskarazko ekoizpen zientifikoa arlo honetan ere oso urria da, eta hutsune hori betetzea da gure lanaren beste ekarpen nagusietako bat.
Horrela, lan hauetan tratamendu kirurgiko batean determinanteak diren atal anatomikoen aldaeren deskribapen oso bat ematen saiatzen gara. Horretarako, hainbat iturritatik jasotako informazioa erabiltzen dugu: alde batetik, unibertsitateko emaileen gorputzen disekzio anatomikoetan identifikatutako egiturak eta bestetik, benetako interbentzioetan klinikoek jasotako argazki eta OTA ordenagailu tomografia axialak. Irudi-material horien konbinazioak aukera ematen digu aldakortasun anatomikoa modu integratuan aztertzeko eta dokumentatzeko. Honela, gure xedea, batetik, ezagutza kliniko eta anatomikoaren arteko lotura indartzea da, eta bestetik, jakintza horren euskarazko transmisioa sustatzea.

This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.
Copyright (c) 2025 Jon Egaña Huguet
