euskera
.PDF (Euskara)

Keywords

Kolon minbizia - kirurgia - aldaera anatomikoak

How to Cite

Peña Picaza, A. (2025). euskera. Osagaiz: Osasun-Zientzien Aldizkaria, 9. Retrieved from https://aldizkariak.ueu.eus/index.php/osagaiz/article/view/5522

Abstract

Kolon minbizia gaur egungo osasun-publikoaren erronka nagusietakoa da, bereziki mendebaldeko herrialdeetan. Espainian, esaterako, urtean 40.000 kasu berri diagnostikatzen dira eta gaixotasun honen ondorioz hiltzen direnen tasa %39koa da. Azken hamarkadan, bizimoduaren eta dietaren aldaketek intzidentzia areagotu dute, baita garapen-bidean dauden herrialdeetan ere. Testuinguru epidemiologiko honetan, lan bibliografiko honek kolon minbiziaren tratamendu kirurgikoaren bi alderdi nagusi aztertzen ditu: anatomia baskularraren garrantzia eta teknika kirurgikoen arteko konparaketa.

Kolonaren anatomia baskularrak ezaugarri bereziak ditu atal bakoitzean. Eskuineko kolona Goiko Arteria Mesenterikoaren (GAM) ileon-kolonetako eta eskuineko kolon arteriek odoleztatzen dute, non Henleren enborraren identifikazio zehatzak odoljarioak prebenitzen dituen. Zeharkako kolonean, Erdiko Kolon Arteriak (ErdKA) eta Drummond arteria marjinalek ematen dute odoleztapena, baina %25eko aldakortasun anatomikoek (arteriarik eza kasuan) planifikazio kirurgikoa zailtzen dute. Ezkerreko kolonaren kasuan, Beheko Arteria Mesenterikoaren (BAM) adarrek irrigatzen dute, eta haien ligadura zehatza ezinbestekoa da linfadenektomia eraginkorra lortzeko.

Tratamendu kirurgikoari dagokionez, bi aukera nagusi daude gaur egun. Laparoskopiak epe laburreko abantailak eskaintzen ditu, hala nola odol-galera txikiagoa eta errekuperazio azkarragoa, baina tumore handi edo konplexuetan zailtasun teknikoa izan daiteke. Bestalde, kirurgia irekia, ikusmen eta manipulazio-erraztasun handiagoak eskaintzen dituena, tumore aurreratuetan erabiltzen da nagusiki.

Ikerketa honetan metodologia anitza erabili da. Lehenik eta behin, bilaketa bibliografiko sistematiko sakona burutu da PubMed datu-basean, kolon minbiziaren tratamendu kirurgikoari buruzko azken 10 urteko ebidentzia zientifikoa berrikusteko. Bigarrenik, Euskal Herriko Unibertsitateko Anatomia Saileko hildakoen disekzioak erabili dira anatomia baskularra zehaztasunez aztertzeko, odol-hodien kokapena eta aldakortasun anatomikoak praktikan ikusteko. Hirugarrenik, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko irudi diagnostikoak (TAC) erabili dira, tumorearen kokapena eta hedapena ebaluatzeko, baita kirurgia-plangintzan laguntzeko ere.

Azkenik, laparoskopia-prozeduren irudi intraoperatorioak aztertu dira teknika kirurgikoak praktikan ikusteko eta ebakuntza-teknika desberdinen alderaketa egiteko.

Ondorio gisa, lan honek bi puntu nagusi nabarmentzen ditu. Alde batetik, odol-hodien anatomia sakonki ezagutzeak eta teknika egokiak erabiltzeak (jatorriko ligadura baskularra, esaterako) konplikazioak murrizten ditu. Bestetik, kirurgia-modalitatearen aukeraketa kasu bakoitzaren ezaugarrien eta kirurgialariaren esperientziaren arabera egin behar da. Azken finean, ikerketa honek kolon minbiziaren aurrean estrategia terapeutiko integral baten garrantzia azpimarratzen du, non anatomiaren ezagutza sakonak eta teknika kirurgiko egokiek emaitzak hobetzen dituzten.

.PDF (Euskara)
Creative Commons License

This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.

Copyright (c) 2025 Alaitz Peña Picaza, Aingeru Sarriugarte Lasarte, JON EGAÑA HUGUET