Abstract
1990ean sortu zenetik Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak (OEE) urtero osasun-biltzarra antolatzen du, gai ezberdinak aukeratu eta sakon aztertzeko aukerak eskainiz. Orain arte antolatu dituen hogeita zortzi biltzarretako ponentziak, komunikazioak, posterrak eta tailerrak beste hainbeste liburutan jasota daude eta azken urteetakoak Interneten daude denon eskura. Biltzar hauei esker medikuek, erizainek eta bestelako profesional sanitarioek elkar ezagutu dute eta terminologia medikoan trebatzeko aukera izan dute. Hegoaldeko lau probintzietan txandaka antolatzeak ere profesional askoren parte-hartzea eta elkar ezagutzea ahalbidetu du.OEErenhasierako helburuen artean beti egon daosasunari buruz euskaraz idatzitako aldizkari eta argitalpenen sorrera sustatzea.
Bestalde Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) 1973an sortu zen unibertsitate-mailako euskal komunitate zientifiko-intelektuala biltzeko. Ikastaro ugari antolatzen dihardu, unibertsitate-gaiak sortzen eta edukiak liburutan eta formatu elektronikoan biltzen. Azpiegitura egokiak ditu arlo informatikoan eta komunikazioarenean. UEUk antolatzen du euskal komunitate zientifikoaren ikerketen IkerGazte kongresua.
Ez da ahaztu behar Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) ere arlo sanitarioari dagozkion graduetan euskarak aurrerapauso handiak eman dituela. Gero eta ikasgai gehiago euskaraz eskaintzen dira eta pixkanaka bada ere zenbait liburu mediko eta hiztegiak argitaratu dira. Euskaraz landu eta aurkezten diren osasun-munduko gradu-amaierako lanak ere goraka doaz.
OEE eta UEU erakundeen elkarlanari esker 2017ko ekainean jaio zen OSAGAIZ osasun-zientzien aldizkaria.Aurrerapen teknologikoei esker, PDF formatuan argitaratzen da eta munduko edozein lekutan kontsultatu daiteke ordainketarik gabewww.osagaiz.eus web orrian. Urtean bi ale argitaratzeko asmoa dago eta orain arte helburuak lortzen ari gara. Gure nahia da espezialitate ezberdinetako lan originalak jasotzea, gai klinikoei buruzko berrikuspenak, beste artikuluei buruzko ebaluazio kritikoak, farmaziako lanak eta erizaintzako lanak. Oraingoan osasun-zientzietako ikertzaileen III. topaketa hauetan osasun-arloan euskaraz landu diren ikerketak azpimarratu nahi nituzke, aldizkaria plataforma egokia da lan horiek argitaratzeko.
Aldizkaria erredakzio-batzorde batek kudeatzen du. Artikulu bat jasotzen denean, espezialitate bereko bi ebaluatzaileren esku jartzen da, hauek txosten bat idazten dute eta egileari bidaltzen zaio aldaketak egin ditzan. Adostutako bertsioa onartzen da eta euskararen aldetik zuzenketak egin ondoren hurrengo alerako editatzen da.Argitaratutakoak egile-eskubideak izaten ditu eta artikulu bakoitzak mundu osoan bereiziko duen DOI zenbakia darama.
Aldizkariaren zenbaki arruntez aparte zenbaki bereziak ere argitaratzen dira, adibidezOEEk antolatzen dituen biltzarretako materialarekin, gaurkoa bezalako topaketetan aurkezten den materialarekin edo bestelako zenbait ikastarotan bildutako lanekin.
Aldizkariak aukera handiak sortu ditu osasun-zientzia ezberdinetan beren lan zientifikoak euskaraz argitaratu nahi dituzten profesionalentzat. Guztiok saiatu behar dugu gure inguruan ezagutarazten. Denon parte-hartzearekin indartu dezakegu OSAGAIZ aldizkaria, ikertzaileon lanak ere ongi etorriak izango dira.