Komunikazio arazoak sortzen dizkiguten gaiak: Gaixo psikotikoekin nola komunikatu
PDF (Euskara)

How to Cite

Astigarraga, I. (2018). Komunikazio arazoak sortzen dizkiguten gaiak: Gaixo psikotikoekin nola komunikatu. Osagaiz: Osasun-Zientzien Aldizkaria. Retrieved from https://aldizkariak.ueu.eus/index.php/osagaiz/article/view/151

Abstract

Psikosia garun funtzionamendu egokiaren asaldura da eta pertzepzioari, pentsamenduei, emozioari eta portaerari eragiten die. Hala, errealitatearekiko kontaktu-galera bat dela esan daiteke, norbanakoak esperientzia mehatxagarri eta traumatiko gisa bizi dezakeena. Sintoma bereizgarrien artean, delirio eta bestelako pentsamendu-asaldurak, aluzinazioak edota portaera-asaldurak ditugu, sintoma «positibo» deritzenak. Baina horiez gain, sintoma «negatiboak» (apatia, emozioak erakusteko zailtasuna, harreman sozialetarako iniziatiba-galera…), sintoma kognitiboak (arretan, kontzentrazioan, memorian eta funtzio exekutiboetan zailtasunak) eta sintoma afektiboak (antsietatea, tristura, euforia…) barne hartzen ditu.

Psikosiaren etiologian, kalteberatasun-estresaren eredua oinarritzat hartzen da. Alegia, berezko ahultasun batetik (genetikoak edota neurogarapenekoak) abiatuta inguruko estresoreen eraginez (fisiko nahiz psikosozialak) gaixotasuna azaleratu daiteke.

Lehen gertaera psikotikoa, bereziki, nerabezaroan edo heldu gazteetan ematen da, hain zuzen ere norbanakoaren identitatearen, pertsona arteko harremanen nahiz ikasketa edo lanerako planen garapenean garrantzi handiko une batean. Halaber, asaldura psikotiko guztiak kontuan hartuta, populazioaren % 3k gertaera psikotiko bat izango du bere bizitzako momenturen batean. Bestalde, familian, lagunen artean edo komunitatean duten inpaktua kontuan hartuta, nahasmendu hauek «giza» kostu nahiz kostu ekonomiko esanguratsuak dituzte.

Diagnosi eta tratamendu goiztiarrak gaixotasunaren bilakaera eta sendatze-prozesua errazten du, luzarorako pronostikoa ere hobetu dezakeelarik. Hala, nahasmendu honen eta haren lehen zantzuen kontzientzia publikoa handitzeak garrantzi handia du.

Laguntza eske doan gaixoak edo haren familiak, sarri, familia-medikuarekin izango dute lehen harremana, beraz garrantzizkoa litzateke nahasmendu honekiko gure gaitasunak eta ulermena trebatzea.

Psikosiaren diagnostikoa klinikoa izanik, datozen lerroetan nahasmendu hauen ezagutza eta ulermenean sakondu eta dauden faseak eta fase bakoitzean ager daitezkeen aurkezpen-ereduak landuko ditugu. Ezagutza handitzeaz gain, beharrezkoa da gaixotasun mentalekin loturiko beldurra eta estigma galtzea.

PDF (Euskara)