Laburpena
Sarrera: Bentrikulitisa garun-bentrikuluen infekzioa da eta kanpoko drainatze bentrikularra (KDB) ezartzearen konplikazio gisa ager daiteke. KDBa hainbat patologia neurologikoren ezinbesteko tratamendua da. KDBaren maneiuan eta bentrikulitisen prebentzioan, diagnostikoan eta tratamenduan aurrerakuntza nabariak egon diren arren, oraindik nahiko gatazkatsuak diren aztergaiak dira.
Helburua: KDBaren ondoriozko bentrikulitisaren jatorria eta arrisku-faktoreak zehaztea.
Metodologia: Bi zati ditu ikerketak: bilaketa bibliografikoa eta datu-basearen azterketa. Bigarren zatian atzerantz begirako ikerketa deskribatzaile bat egin da 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra Donostiako Unibertsitate Ospitaleko ZIUan, KDB bat ezarrita izan duten pazienteak barne hartzen dituena. Bentrikulitisen intzidentzia, eragile mikrobiologikoa eta arrisku-faktoreak (KDBa ezarrita izandako egunak, aurretiko antiagregazio- edo antikoagulazio-egoera, hilkortasuna, etab.) aztertu dira.
Emaitzak: Aztertutako 34 kasuetatik, guztiek izan dute KDBa ezarria eta % 20,6k bentrikulitisa garatu dute. KDBa ezartzearen arrazoiak odoljario subaraknoideoak (% 58,8), parenkima barneko edo bentrikulu barneko odoljarioak (% 35,4) eta drainatze bentrikulu-peritonealaren konplikazioak (% 5,8) izan dira. Pazienteek batez beste 11,5 egunez izan dute KDBa ezarria, % 58,88k 7 egun baino gehiagoz. Bentrikulitis-kasuen % 62,5ean eragilea Staphylococcus epidermidis izan da. Ez da heriotza-kasurik erregistratu bentrikulitisa garatu zutenen taldean.
Ondorioak: Donostiako Unibertsitate Ospitalean KDBaren ezarpenaren ondorioz garatzen diren bentrikulitisaren ehunekoa literaturan deskribatzen denarekin bat dator (% 20,6 vs % 1,9-36). KDBa 7 egunez baino gehiagoz ezarrita izatea (p = 0,013) arrisku-faktoretzat deskribatu da. Etorkizunean gaiaren inguruko ikerketa gehiago egiteko beharra ikusten da.

This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.
Copyright (c) 2025 Xumai Aizpuru Zinkunegi
