Laburpena
Obesitatea mundu-mailako epidemia bilakatu da azken urteotan, horrek dakarren hilkortasunaren eta erikortasunaren igoera nabarmenarekin. Obesitateak eta depresioak bi noranzkoko harremana daukatela aurkitu da. GLP-1aren analogoek, besteak beste, pisuarekin lotuta erakutsi dituzten onuren bidez, nahaste depresiboetan onuragarriak izateko potentziala daukate. Hala ere, 2023an Islandiako Medikamentuen Agentziak suizidioarekin erlazionatutako eragin kaltegarriak jakinarazi zituen GLP-1aren analogoen erabiltzaileetan. Berrikuspen bibliografiko honen helburua da GLP-1aren analogoek pazienteen osasun mentalean izan ditzaketen eraginak aztertzea.
Azken bost urteetan argitaratutako saiakuntza kliniko ausazkotuak, behaketazko kohorteaj eta kasu-kontrol ikerketak aztertu dira. Depresioarekin edo suizidioarekin erlazionatutako sintoma edota eragin kaltegarriak hartu dira aldagai nagusitzat.
Lau ikerketak erakutsi dute depresio-arriskuaren beherakada GLP-1aren analogoen erabiltzaileen artean. Horietako bitan eragin babeslea oso arina edo klinikoki ez-esanguratsua da. Aitzitik, GLP-1aren analogoen erabilera antidepresiboak erostearekin erlazionatu da, baina badago beste ikerketa bat, non ez den erlazio esanguratsurik aurkitu. Beste lau ikerketatan erlazionatu dira ideiagintza suizida edo suizidio-arriskuaren murrizketarekin, horietako bitan aurrekari psikiatrikoak zituzten pazienteetan zehazki. Gainera, baten autolesio-arriskuaren murrizketa ikusi da. Emaitza esanguratsurik ez duten kasuak, adierazle positibo bezala interpreta daitezke, ez baitute frogatu ez onurarik ez kalterik. Epe luzeko eraginak aztertzean, ikerketa batean, tratamenduarekin hasi eta bost urtera depresioaren, antsietatearen eta jokabide suizidaren arriskua modu progresiboan areagotzen dela ikusi da. Bestetik, epe luzera, ez da abstinentzia edo errebotezko efektu psikiatrikorik ikusi.
Oro har, depresioaren, ideiagintza suizidaren eta suizidioaren arriskuaren murrizketa ikusi da. Hala ere, gertaera larrien inguruan ari garenez, garrantzitsua da osasun-profesionalek pazienteen egoerak indibidualizatzea, baita aldarte-aldaketen edo suizidioarekin erlazionatutako jarreren agerpenak monitorizatzen jarraitzea.

This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.
Copyright (c) 2025 GUADALUPE RIVERO, Uxue Cazalis
