Laburpena
Sarrera. Gurasotasun eta haurraren hazkuntza-aldia estresagarritzat hartzen dira, gertatzen diren aldaketa guztiak tarteko. Bereziki jaioberriaren bizitzako lehen sei hilabeteetan, zaurgarritasun handia izan ohi da, gurasoek aldi horretan izan ohi dituzten zalantza eta beldur guztien eraginez. Gaur egun, guraso eta zaintzaileek informazio asko dute eskura, baina batzuetan informazio hori ez da oso zehatza izaten eta horrek askotan informazio hori gaizki ulertu eta informazioaren erabilera okerra egitea eragin dezake. Horregatik, garrantzitsua da aldi honetan gurasoei ezagutza eta trebakuntza egokia eskaintzea, horretarako osasun-hezkuntza eta osasunaren sustapena ezinbestekoak izanik.
Orokorrean, osasunaren prebentzio eta sustapenerako jarduerak, haurren osasun-programaren barnean dauden banakako kontsultetan egin ohi diren arren, kasu askotan zaila izaten da jarduera guztiak behar bezala burutzea eguneroko presio asistentziala tarteko. Horregatik, taldekako osasun-hezkuntza pediatriako kontsultan lagungarri izan daitekeen jarduera bat dela esan daiteke, banakako osasun-hezkuntza eta taldekakoa prozesu osagarri moduan erabiliz.
Helburuak. Taldeko osasun-hezkuntza programa baten bidez, jaioberrien ohiko zaintzaileen ezagutzak hobetzea, jaioberriari bere bizitzako lehen sei hilabeteetan behar dituen oinarrizko zainketak emateko seguru eta prest senti daitezen.
Material eta metodoak. Ikerketa kuasi-esperimental bat burutuko da, interbentzioaren aurretiko eta ondorengo egoera aztertuko duena.
Taldekako osasun-hezkuntza programa baten diseinua, jaioberriaren lehen 6 hilabeteetan bere guraso edo ohiko zaintzaileekin burutzeko. Programak 5 hitzaldi edo tailer izango ditu, bakoitza Likert motako galdetegi batekin, zeina hitzaldiaren aurretik eta ondoren beteko duten ikerketan parte hartzen duten guraso edo zaintzaileek.
This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial 4.0 International License.
Copyright (c) 2024 Aiora Mayoz Elicegui