Laburpena
Sarrera:
Ebidentzia zientifikoak erakusten du gizabanakoaren izaera elebiduna ezinbestean hartu behar dela kontuan afasiaren azterketa eta esku-hartzean, besteak beste, a) afasiaren ezaugarri eta larritasuna desberdinak izan daitezkeelako hizkuntza bakoitzean, eta b) hizkuntza bakarrean bideratutako logopedia-tratamenduak hizkuntza ez-tratatuan eragin mugatua duelako eta berau baldintza zehatz batzuetan bakarrik aurkezten delako. Lan honetan afasia duten hiztun elebidunen azterketa eta esku-hartzearen inguruko ebidentzia zientifikoa eta praktika klinikoa alderatu nahi izan ditugu.
Material eta metodoak:
ESI Donostialdeko Errehabilitazio Zerbitzuko profesionalek afasiadun hiztun elebidunekiko dituzten praktika klinikoen inguruko azterketa kualitatibo bat egin dugu galdetegi baten bidez.
Emaitzak:
Profesionalek eskainitako informazioaren arabera, afasia elebidunaren azterketa eta tratamendua hizkuntza bakarrean bideratzen da. Tratamenduari dagokion hizkuntzaren aukeraketan jarraitutako irizpideak askotarikoak dira profesionalen artean eta, oro har, ez dute hizkuntzen arteko tratamenduaren balizko transferentzia bermatzen ezta egiaztatzen. Parte hartu duten mediku gehienek uste dute afasiadun hiztun elebidunek jasotzen duten arreta klinikoa elebakarrena baino eskasagoa dela, logopedek ez bezala.
Eztabaida eta ondorioak:
Errehabilitazio Zerbitzuko profesionalek eskainitako informazioak iradokitzen du afasia eta elebitasunaren inguruan daukagun ebidentzia zientifikoa ez dela oraindik praktika klinikoan behar bezala txertatu. Arreta klinikoa hobetzeko profesionalek azpimarratutako alderdien artean, hizkuntza-gaitasuna lanpostuetara egokitzearen beharra, euskarara egokitutako probak eskuragarri izatea eta ikerketaren beharra nabarmendu ditzakegu.
Gaur egun dugun ebidentzia zientifikoarekin, hizkuntza bakarrean bideratutako afasiaren azterketa eta tratamenduak ez dauka inongo justifikazio kliniko ez etikorik. Afasiadun hiztunei zuzendutako arreta klinikoa erabiltzaileak hitz egiten dituen hizkuntza guztietan bermatu behar da, ahalik eta errekuperazio kognitibo eta funtzional altuena bermatzeko, eta esku-hartzearen balizko eragin negatiboak saihesteko.